Mundua -

ATENTATU ISLAMISTA

Frantziak polizia operazioak abiatu ditu, Samuel Paty irakaslearen hilketaren ondotik

Barne ministro frantziarrak iragarri duenez, dozenaka pertsonaren aurkako polizia operazio zabalik dago, ostiraleko atentatua justifikatzen duten mezuak sarean argitaratzeagatik.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Argazkia: EFE
Emmanuel Macron Frantziako presidentea
Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziak jihadismoaren aurkako hainbat polizia operazio abiatu ditu astelehen honetan. Ostiralean Samuel Paty irakaslearen hilketaren ondoren sare sozialetan gorroto mezuak zabaldu dituzten dozenaka lagun daude Poliziaren jomugan.

"Europe 1" irrati kateari eskainitako elkarrizketan Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak azaldu duenez, ostiraleko hiketaz geroztik 80 prozedura zabaldu dituzte hilketa hori justifikatzen zuten mezuak zabaldu dituztenen aurka.

Atxiloketak atzo hasi zirela eta gehiago egingo dituztela iragarri du: "Igandean atxiloketak izan ziren. Gaur goizean ere, atxiloketak eta polizia operazioak izango dira. Asko dira eta dozenaka pertsonari eragiten die", zehaztu du.

Gaineratu duenez, Estatuko zerbitzuek "bisitak" egingo dituzte integrismo islamiarrarekin loturiko elkarteetara eta Ministroen Kontseiluak horietako batzuk desegitea eskatuko du, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen eskariz.

Zehatz-mehatz esanda, Islamofobiaren Kontrako Frantziako Komitea da jomugan dagoen erakunde horietako bat, baina ez bakarra. Guztira, "ehunka" direla nabarmendu du Barne ministroak.

"Errepublikari mehatxu egiten dionak jakin behar du ez duela Justiziaren aldetik atsedenik izango", azpimarratu du.

Gainera, ministroak igande honetan iragarri zuen prefektuei agindu diela herrialdean legez kanpo bizi diren eta erradikalizazio islamistagatik fitxatuta dauden 231 atzerritar kanporatzeko. Horietatik 180 kartzelan daude gaur egun.

Igande gauean Macron buru zuen Defentsa Kontseilu Nazionalaren bilera amaitu eta ordu gutxira iragarri zuten polizia operazioa. Batzar horretan, terrorismo islamistaren aurkako borroka areagotzeko neurriak aztertu zituzten eta datozen egunetan jakinaraziko dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak EB Europa bideoak Frantzia bideoak Atentatuak bideoak Jihadismoa Eguneko albisteak Eguneko albisteak Macronen Gobernua Irakasleen albisteak gaur