Mundua -
KARIKATURAK ERAKUSTEAGATIK
Eraso islamiar batean hildako irakaslea omendu dute milaka lagunek Frantzian
Adierazpen askatasuna aldarrikatu dute Parisen, Lyonen, Tolosan, Nantesen, Lillen edota Marsellan, besteak beste, "je suis ensignat" oihu artean.
AGENTZIAK| ERREDAKZIOA
Milaka pertsona kalera atera dira igande honetan Frantziako hiri nagusienetan, Samuel Paty Historia irakaslea gogoratzeko. Paty ikasle batek hil zuen ostiralean Paris kanpoaldean, agintariek atentatu terrorista islamistatzat jotzen duten erasoan. Ikertzaileek jakitera eman dutenez, 'Charlie Hebdo' astekari satirikoak argitaratutako Mahoma profetaren karikatura batzuk erakutsi zizkien ikasleei -oraintxe ari dira epaiketa egiten-, adierazpen askatasunaren inguruko eskola batean, eta hori egiteagatik hil zuen 18 urteko jatorri txetxeniarreko gazte batek.
'Charlie Hebdo' aldizkari satirikoak berak deitu zituen lehenbizi elkarretaratzeak, eta gero SOS Arrazakeria eta irakaskuntzako sindikatuak ere batu ziren.
Bertan izan dira, besteak beste, Stanislas Guerini Le Republique en Marche ofizialistaren ordezkaria, Jean-Luc Melenchon Frantzia Insumisoa alderdiko burua, Olivier Faure Alderdi Sozialistako idazkari nagusia eta Julien Bayou Europa Ekologia-Berdeak taldeko idazkari nagusia. Parisko alkatea, Anne Hidalgo sozialista, François Hollande presidente ohia eta Manuel Valls lehen ministro ohia ere bertan izan dira.
"Ez gara beldur. Ez gaituzte bananduko" adierazi du Jean Castex lehen ministroak Twitterren. "Frantzia gara! Askatasuna, berdintasuna, anaitasuna. Samuel Patyri omenaldia", aldarrikatu du Castexek, jendetzaren irudiekin batera.
"Gure ezberdintasun politikoak, sindikalak edo bestelakoak edozein direla ere, batasuna erakutsi behar dugu, eta Errepublikaren etsaien aurrean beldurrik ez dugula erakutsi. Batasuna arrakastarako giltza da " esan du Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak.
Melenchonek hiru koloreko bandera zeraman zapi batekin nabarmendu duenez, "Errepublikano gisa, gure betebeharra da bertan egotea". "Kriminal hauen helburua gu zatitzea da", azpimarratu du.