Mundua -
AEB
AEBko Senatuak Amy Barrett berretsi du Goreneko epaile berri gisa
Barretten izendapenarekin, Alderdi Errepublikanoak gehiengo kontserbadorea sendotu du Auzitegi Gorenean, presidentetzarako hauteskundeetarako zortzi egun falta direnean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ameriketako Estatu Batuetako Senatuak Amy Barrett berretsi du Auzitegi Goreneko epaile berri gisa; horrela, gehiengo kontserbadorea sendotu du herrialdeko gorterik garrantzitsuenean, presidentetzarako hauteskundeetarako zortzi egun falta direnean.
Barrettek aldeko 52 boto (senatari errepublikano guztien botoa) eta kontrako 48 boto (demokrata guztiena eta Susan Collins kontserbadorearena) jaso ditu. Epaile berriak biziarteko karguaren zina egin du gaur gauean Etxe Zurian, Donald Trump presidentea buru izan duen ekitaldi batean.
Irailaren 18an, Ruth Bader epaile progresista hil ostean, hasi zen prozesu polemiko eta azkar baten ostean iritsi da Barretten izendapena. Trump presidenteak bi egun geroago izendatu zuen Barrett.
Errepublikanoek ez dute arriskatu nahi izan (datorren astean demokratek irabaziz gero, arriskuan jarriko litzateke Barrett AEBko Auzitegi Goreneko epaile izendatzeko aukera), eta Exekutiboan eta Senatuan duten kontrola aprobetxatu dute Gorena euren alde jartzeko. Horrela, aurrerantzean sei magistratu kontserbadorek eta hiru progresistak osatuko dute auzitegi hori.
Agintean dagoenetik, hiru epaile jarri ditu bertan Trumpek: Neil Gorsuch, Brett Kavanaugh eta Amy Barrett.
Hauteskundeen emaitzekin lotuta Gorenera edozein apelazio helduz gero, bertan parte hartzeari uko egingo dion ala ez argitu beharko du orain Goreneko epaile berriak; izan ere, kargu horretan berresteko egin diren audientzietan ez du horretarako konpromisorik hartu nahi izan, presidentetzarako hautagai batek, Trumpek, izendatu duen arren.