Mundua -
Frantzia
Atxilotu bat, Nizako atentatuaren egilearekin konplizitatea izan dezakeelakoan
Ikerketaren helburua 21 urteko gaztea Frantziara nola iritsi zen eta haren "balizko konplizitateak" ikertzea da, Frantziako Fiskaltzaren arabera.
agentziak | erredakzioa
Frantziako Poliziak gizon bat atxilotu du atzo Nizan izandako atentatu islamistaren egilearekin konplizitatea duelakoan; horretan, hiru pertsona arma zuriz hil zituzten hiriko eliza batean.
"47 urteko gizon bat atxilotu dute bart gauean, egilearekin harremanetan egon delakoan", adierazi du iturri judizial batek.
Poliziak tiroz zauritu zuen terrorista, eta larri ospitaleratu zuten.
21 urteko gizonezkoa irailaren 20an heldu zen Italiako Lampedusa uhartera, Mediterraneo erdialdeko migrazio ibilbidea jarraituz.
Gainean zeraman Italiako Gurutze Gorriaren agiri baten arabera, urriaren 9an lehorreratu zen Bariko portuan (Italia hegoaldean).
Ikerketaren helburua da jakitea nola iritsi zen Baritik Frantziara eta haren "balizko konplizitateak", Jean-François Ricard terrorismoaren aurkako fiskal nazionalak prentsan adierazi duenez.
Terroristak labana handi batekin hil zituen hiru biktimak: ia burua moztuta geratu zen 60 urteko emakume bat, 55 urteko sakristaua eta 44 urteko beste emakume bat.
Azken hori, Frantziako Kanpo Arazoetako Ministerioak jakitera eman duenez, tenplutik oso larri atera zen laguntza eskatzeko eta alarma jotzeko, "arma zuriz egindako zauri ugariren ondorioz" hil baino lehen, azaldu du fiskalak.
Gazteek kandelak pizten dituzte Nizako Notre Dame eliza basilikoaren sarreratik gertu. EFE
Hau Frantziak hilabete pasatxoan jasaten duen arma zuriz egindako hirugarren atentatu terrorista islamista da, izan ere, irailaren 25ean gizon batek bi pertsona larri zauritu zituen Charlie Hebdoren egoitza zaharraren ondoan, eta urriaren 16an beste gizon batek Samuel Paty historia irakasleari burua moztu zion, Parisko kanpoaldean dagoen Conflans-Sainte-Honorine eskolan, Mahomaren karikaturak ikasgelan erakusteagatik.