Mundua -
Hauteskundeak Tunisian
Hauteskunde eguna Tunisian, 'Udaberri arabiarraren' lehen herrialdean
Jendetza joan da bozkatzera eta hainbat ordutako ilarak sortu dira Tunisiako lehen hauteskunde askeetan.
Erredakzioa
Batzar konstituziogilerako hauteskundeak ospatzen ari dira Tunisian, "Udaberri arabiarra" hasi zen lehen herrialdean.
Zazpi milioi eta erdi herritar bozkatzera deituta daude herrialdean sistema demokratiko bat ezartzeko.
Jendetza bildu da jada lehen orduetan. Goizeko 07.00etan ireki dituzte hauteslekuak eta eguerdian ilara handiak sortu dira, izan ere ez dituzte bozka emateko toki askorik ipini.
Ez dituzte partehartzearen datuak eskaini, baina hautsekundeak prestatzeko eratu den erakundearen presidenteak, Kamal Yendubik, jendetza ikusita % 60ko partehartzera iritsiko direla aurreikusi dutela esan du.
1.517 zerrenda daude eta 11.600 herritar aurkeztu dira aulkiak lortzeko. Zerrendetatik 655 independenteak dira, 828 alderditakoak eta 34 koalizioak dira.