Mundua -
Krisia
Tunisiako presidenteak Gobernua desegin eta hauteskundeak deitu ditu
Zine el Abidine Ben Alik etsi egin du presioen aurrean eta Konstituzioa erreformatuko du. Gainera, salbuespen-egoera ezarri dute herrialde osoan.
Erredakzioa
Zine el Abidine Ben Ali Tunisiako presidenteak Gobernua desegin du eta sei hilabete barru hauteskunde aurreratuak deitzea erabaki du, TAP Tunisiako albiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez.
Mohamed Ghanuchi lehen ministroak eman du Ben Aliren erabakiaren berri eta presidenteak Gobernu berria osatzeko agindua eman diola jakinarazi du.
Ghanuchiren esanetan, "ostegunean iragarritako neurrien barruan" kokatzen da gaurko erabakia.
Ben Alik arlo politiko eta sozialean "erabateko aldaketa sakona" egitea hitz eman zuen. 2014ko hauteskunde presidentzialetan "aniztasuna eta botere aldaketa bermatzeko" Konstituzioa erreformatuko duen batzordea ere osatuko du aktore politiko guztiekin.
Istiluak eta hildakoak, salbuespen egoera
Gobernuak salbuespen-egoera ezarri du herrialde osoan 17:00etatik 06:00etara eta ezingo dira kontzentrazioak edo manifestazioan egin.
Poliziak 8.000 pertsona inguruk egindako manifestazioa negarra eragiten duen gasarekin desegin eta gutxira iritsi da erabakia. Barne Ministerioaren kanpoaldean bildu dira manifestariak presidenteak botereari uko egin diezaiola exijitzeko.
Herrialdeko beste eskualde batzuetan ere manifestazio jendetsuak egin dituzte gaur presidentearen kontra.
Gaur arratsaldekoa Gobernuak iragartzen duen laugarren neurri sorta da, protestak hasi zirenetik.
Gobernuak, orain arte, istiluetan 21 lagun hil direla esan du, baina sindikatuek eta giza-eskubideen aldeko elkarteek hildakoak 60tik gora direla ziurtatu dute.