Mundua -
Ustelkeria
Vizcarra presidentearen kontrako zentsura-mozioa onartu du Peruko Kongresuak
Kongresuko presidenteak hartuko du haren kargua behin-behinean, baina hauteskundeak deitu beharko ditu "berehala". Vizcarrak berak 2021eko apirilaren 11rako iragarri zituen bozak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Martin Vizcarra presidentearen aurkako zentsura-mozioa onartu zuen astelehenean Peruko Kongresuak. Hain zuzen ere, "ezgaitasun morala" egotzi diote Vizcarrari ustez "ustelkeria azpijoko" batean murgilduta zegoelako. Dirudienez, 543.000 euro inguru jaso zituen presidenteak, 2011 eta 2014 artean, herri-lanetako kontratuen truke.
Guztira, 105 izan dira haren aurka aurkeztutako bigarren zentsura-mozio horren aldeko botoak, 19 kontrakoak eta 4 abstentzioak. Duela bi hilabete ere Vizcarraren kontrako zentsura-mozioa aurkeztu zuten. Kasu hartan eragimen trafikoa leporatu zioten "Richard Swing" auziarekin lotuta. Orduan, baina, Kongresuak atzera bota zuen zentsura-mozioa.
Oraingo honetan, aldiz, Kongresuan ordezkaritza duten indar politiko gehienek babestu dute; Alderdi Morea eta Somos Peruko ordezkari gehienak aurka azaldu badira ere.
Esan bezala, Manuel Merino Kongresuko presidenteak hartuko du Vizcarraren kargua behin-behinean, baina hauteskundeak deitu beharko ditu "berehala". Vizcarrak berak 2021eko apirilaren 11rako iragarri zituen bozak.
Azken orduetan, Peruko komunikabideek Vizcarraren diru-sarrera ilegalei buruzko informazio berria zabaldu dute. Antza denez, Obrainsa enpresa eraikitzailearen dirua jaso zuen hark Moqueguak gobernuburu zenean.