Mundua -

MENDEBALDEKO SAHARA

Marokorekiko gatazkan esku hartzeko eskatu dio Fronte Polisarioak NBEri

1991eko bake akordioa hautsi izana egotzi dio Marokori, Guerguerateko pasabidean gertaturikoagatik. Halaber, nazioarteko komunitateari esku hartzeko eskatu dio tentsioak gora egin ez dezan.

Soldadu sahararrak. Artxiboko argazkia: EFE
Soldadu sahararrak
Soldadu sahararrak. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fronte Polisarioak gerra deklaratzea egotzi dio Marokori eta gatazkan esku hartzeko eskatu die Nazio Batuen Erakundeari (NBE) eta nazioarteko komunitateari. Brahim Ghali Fronte Polisarioko idazkari nagusi eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentearen esanetan, iragan ostiralean Guerguerateko pasabidean sartuta Marokok gerra deklaratu zuen. Guerguerat babestutako gune desmilitarizatu bat da, Mendebaldeko Saharako eremu okupatuak eta Mauritania banatzen dituena.

"Sahararrek ez zuten odola isurtzerik nahi, baina Marokok inposatu egin zigun. Marokoko erregimena harroputza da eta prezioa ordaindu behar du, Marokok gerra deklaratu zuelako bake akordioak urratuz", adierazi du Brahim Ghalik SPA Saharako albiste agentziak zabaldutako adierazpenetan.

Brahim Ghalik azpimarratu duenez, "Saharar herriaren erresistentzia armatua da Marokoko kolonialismoak ulertzen duen hizkuntza bakarra", eta, horregatik, "Saharako herria gerran dago eta garaipenaren egunera arte jarraituko du borrokan".

Ghalik Aljeriak Saharako gatazkan izan duen jarrera goraipatu du, eta nazioarteari esku hartzeko eskatu dio "NBEk egungo jarrera bertan behera utzi dezan", Marokoren alde lerratzen hasi dela iritzita. Marokok uko egin dio 1991n Fronte Polisarioarekin sinatutako bake akordioaren baldintzak onartzeari.

Horrela erantzun dio Fronte Polisarioak Marokoko erregeari. Izan ere, Marokok "su-etenarekin konprometituta" jarraitzen duela, baina "mehatxuen aurrean" gogor erantzungo duela nabarmendu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioarteko albisteak 2024 Eguneko albisteak Eguneko albisteak Mendebaldeko Sahara azken ordukoa Maroko azken ordukoa