Mundua -

Koronabirusa

Frantzian deseskalatze plana abian jarriko dutela iragarri du Macronek

Datorren larunbatetik aurrera dendak irekiko dituzte eta herritarrak hiru orduz atera ahalko dira kalera. Tabernek itxita jarraituko dute. Txertoa abendu bukaeran edo urtarrilean hasiko dira ematen.

Emmanuel Macron artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Emmanuel Macron artxiboko irudi batean.
Emmanuel Macron artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron presidenteak iragarri duenez, Frantzian "abendu bukaeran edo 2021eko urtarrilean" hasiko dira koronabirusari aurre egiteko txertoa ematen. Lehendabiziko dosiak adineko pertsonei jarriko dizkietela zehaztu du.

Horrez gain, telebista bidez emandako agerraldian, Macronek jakinarazi du urriaren 30ean ezarri zuten etxeko konfinamendua arintzeko egutegia martxan jarriko dutela. Horrela, bada, datorren larunbatetik aurrera funtsezkoak ez diren dendak irekiko dituzte eta herritarrei leku batetik bestera mugitzeko askatasun gehiago izango dute.

Ospakizun erlijiosoak baimenduko dituzte, gehienez 30 pertsona bildu ahalko badira ere, eta hiru orduz 20 kilometrorainoko joan-etorriak egitea posible izango da; egun, etxetik kilometro batera eta ordubetez atera daitezke gehienez.

Dena ondo bidean eta kutsatze kopuruak beherako joeran jarraituz gero, abenduaren 15ean pertsonen mugikortasuna baimenduko dute, Gabonak ospatzeko aukera ahalbidetuz.  

Halaber, zinemak, antzokiak eta museoak irekiko dituzte, baina 21:00etarako itxita egon beharko dira.

Neurri murriztaileak arindu arren, Macronek behin baino gehiagotan zuhurtziaz jokatzeko deia egin du, "hirugarren olatua eta hirugarren konfinamendua saihesteko". Hortaz, segurtasun-tartea errespetatzeko, musukoa erabiltzeko, eskuak sarritan garbitzeko eta harreman sozialak ahalik eta gehien murrizteko eskatu die herritarrei.

Bestalde, tabernak, jatetxeak eta gimnasioak gutxienez urtarrilaren 20a arte egongo dira itxita. Egun horretan erabakiko dute debekuarekin jarraitzea edo ez, betiere pandemiaren bilakaera kontuan hartuta.

Deseskalatzea fasean aurrera egiteko baldintzak ere zehaztu ditu Macronek: eguneko 5.000 kutsatze izatea eta zaintza intentsiboetako unitateetan 3.000 paziente baino gutxiago egotea. Zifra horiek ematen badira, Gobernuak jatetxeak eta gimnasioak irekitzeko baimena emango du. Macronek ez ditu tabernak aipatu.

Amaitzeko, Macronek arduraz jokatzeko deia egin die herritarrei, koronabirusa detektatzeko estrategia hobetuko dutela agindu du eta kasu positiboak ematen direnean koarentena egitea derrigorrezkoagoa izango dela adierazi du.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Frantzia Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Emmanuel Macron Txertoak Koronabirusa Alarma egoera