Mundua -

Etiopia

Sarraski baten beldur dira Tigrayn, Etiopiak erasotzeko emandako aginduaren ostean

Lehen ministroak 72 orduko epea eman zien amore emateko Tigrayko matxinoei, eta epea bukatuta, erasora jotzeko agindua eman du. Zibilei "helburu militarretatik aldetzeko" eskatu die.

Milaka etiopiarrek Sudanera egin dute ihesi. ETBko bideo batetik hartutako irudia
Milaka etiopiarrek Sudanera egin dute ihesi.
Milaka etiopiarrek Sudanera zeharkatu dute borroketatik ihesi

0:57

Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Etiopiaren eta Tigray eskualdeko matxinoen arteko gatazka are gehiago gaiztotu da azken orduetan. Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroak erasora jotzeko agindua eman du, eta horrek zibilen artean beste sarraski bat eragingo ote beldur dira. Gatazka honek ehunka hildako eta 40.000 errefuxiatu (Sudanera egin dute ihes) eragin ditu honezkero.

Tigray eskualdeko TPLF Tigray Askatzeko Herri Frontearen kontrako ofentsibaren "azken fasea"ri ekiteko agindu dio Ahmedek, Mekelle hiriburuko biztanleei "helburu militarretatik aldetzeko" eskatu dien bitartean.

"TPLFri amore emateko eta armak modu baketsuan entregatzeko emandako 72 orduko ultimatuma amaitu da. Armadari erasoaldiaren azken faseari heltzeko eskatu diot", bota du Abiyek Twitterren duen kontuan.

Eskualde horretako eta Mekelle hiriburuko herritarrei zuzendutako mezuan, honakoa erantsi du: "Egon etxean, aldendu helburu militarretatik, eta hartu badaezpadako neurri guztiak".

"Mekelleko herritarrei beste gauza bat eskatu nahi diet: sala ditzatela TPLFko kriminal horiek", azpimarratu du.

Abiyen hitzetan, "kontu handiarekin egingo dugu azken fase hau zibilek min hartzea saiheste aldera. Mekelle hiriburuan, gure herriaren ahaleginarekin eraikitako hirian, ahalik eta kalte gutxien egiten saiatuko gara. Ondare eremuak, kulturako lekuak, azpiegitura publikoak eta bizitegi-auzoak ez dira gure helburu".

Bitartekaritza lanak

Bien bitartean, gatazkan bitartekaritza lanak egiteko Afrikako Batasunak izendatutako hiru ordezkarietatik bi heldu dira Adis Abeba Etiopiako hiriburura. Bitartekaritza NBEren babesa du. Tigrayn zer gerta, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiak "kezka sakona" azaldu du asteon.

Bitartekariak gaur bilduko dira Etiopiako lehen ministroarekin eta Mekellera joateko hegazkin bat dute prest. Hori bai, Tigrayko eskualderako balizko bidaia Abiy Ahmedarekin izandako elkarrizketen menpe dago.

Orain arte, 2019an Bakearen Nobel Saria eskuratu zuen agintariak entzungor egin die nazioartetik gatazka arintzeko eta TPLFrekin negoziatzeko egindako eskaerei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea NBE Eguneko albisteak Albisteak