Mundua -
Alemania
Bost pertsona hil dira oinezkoentzako kale batean auto batek harrapatuta, Treverisen
Poliziak ibilgailuaren gidaria atxilotu egin du. Gizona abiadura bizian sartu da oinezkoen kalean eta hainbat pertsona aurretik eraman ditu. Hildakoetako bat bederatzi hilabeteko umea da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gizon batek bost pertsona hil ditu, tartean bederatzi hilabeteko haur bat, Alemaniako Treveris hirian, oinezkoentzako gune batean, gidatzen zuen ibilgailuarekin aurretik eramanda. Halaber, gutxienez beste hamalau lagun zauritu dira.
Poliziak jakinarazi duenez, edanda zihoan eta abiadura bizian sartu da oinezkoentzako gunean jendea harrapatu nahian. Ehunka metro egin ditu eta kalean jarrita zeuden hainbat postu ere aurretik eraman ditu.
Harrapaketa 13:45ak aldera gertatu da hiriaren erdiguneko merkatu batean. Handik minutu batzuetara Poliziak autoa geldiarazi du eta gizonezkoa atxilotu du.
Hildakoak bederatzi hilabeteko umea –ama zauritu egin da eta ospitaleratuta dago-, 25 eta 73 urteko bi emakume eta 45 urteko gizon bat dira. Bosgarren laguna, 52 urteko emakumea, ordu batzuk geroago hil da ospitalean. 14 pertsona zauritu dira, eta horietako lau larri daude.
Fiskaltzak azaldu duenez, erasotzaileak 51 urte ditu, Treveriseko bizilaguna da eta atxilotu dutenean edanda zihoan. Positibo eman du alkoholemia proban. Treverisen bizi bada ere, azken egunak "bere ibilgailuan" igaro ditu.
Ez du aurrekaririk, eta buruko gaitzen bat izan dezakeela uste dute, duela gutxi hainbat proba egin baitzizkioten. Orain psikiatra batek ikusiko du eta bere egoera zein den aztertuko du.
Bost pertsona hil izana eta hainbat hilketa saiakera leporatu dizkiote.
Asteazkenean eramango dute epailearen aurrera, eta honek erabakiko du espetxean ala psikiatriko batean sartzen duten, Fiskaltzak esan duenez.