Mundua -

AEB-KO HAUTESKUNDEAK

AEBko Justizia Departamentuak ez du hauteskunde iruzur frogarik aurkitu

Hasiera batean, AEBko fiskal nagusiak Trumpen konspirazio teoriak babestu bazituen ere, ikerketak egin ondoren, bere jarrera aldatu du.

William Barr AEBko fiskal nagusia, artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE
William Barr AEBko fiskal nagusia, artxiboko argazki batean
William Barr AEBko fiskal nagusia, artxiboko argazki batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko egungo presidentea bakarrik gelditzen ari da hauteskunde iruzurra salatzeko borrokan. Izan ere, William Barr AEBko fiskal nagusiak astearte honetan iragarri duenez, Justizia Departamentuak abiatutako ikerketek ez dute emaitzarik eman eta ez dute hauteskunde iruzurraren frogarik aurkitu.

Hasiera batean, William Barr fiskal nagusia Trumpen alboan agertu zen, eta, Biden hautagai demokratak ofizialki hauteskundeak irabazi ostean, hauteskunde iruzur salaketak ikertzeko agindu zien fiskalei.

Ikerketa horiek, ordea, ez dute emaitzari eman, eta fiskal nagusiak AP agentziari eskainitako elkarrizketa batean adierazi duenez, ez dute topatu ustezko iruzurra egiaztatuko luketen frogarik.

"Gaur arte ez dugu hauteskundeetako emaitza aldatu zezakeen iruzurrik ikusi", esan du fiskal nagusiak.

AEBko estatu gehienek behin-betiko emaitzak jakinarazi dituzte. Trumpek iruzurra salatu zuen Michigan, Pennsylvania, Wisconsin, Arizona edota Nevada estatuetan, esaterako, Biden nagusitu da.

Espero zen bezala, Trumpen aldekoek ez dituzte begi onez hartu fiskal nagusiaren hitzak.

"Fiskal nagusiari zor zaion errespetuarekin, ez da Justizia Departamentuaren ikerketa edo antzekorik egon", adierazi dute Rudy Giuliani eta Jenna Ellis Trumpen abokatuek ohar batean.

Hauteskundeei begira iruzurraren estrategiak emaitzarik eman ez badio ere, 150 milioi dolar biltzea ahalbideratu dio Trumpi, The Washington Post egunkariaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen ari da munduan? Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB argazkiak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Donald Trump Hauteskundeak gaur