Mundua -

KORONABIRUSA

EBko herrialde guztiek txertaketa egun berean hastea nahi du Von der Leyenek

"Pandemiaren bukaerara iristeko herritarren % 70ek jarri behar dute txertoa. Sekulako lana da. Beraz, has gaitezen albait arinen", esan du.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Argazkia: EFE
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Argazkia: EFE

L.Z. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen asmoa da Europar Batasuneko 27 herrialdeek covid-19aren aurkako txertaketa kanpaina egun berean abiatzea. Horren harira esan du, abenduaren 21ean osasun agintariek Pfizer-BionTech prototipoa onartzen badute, urte bukaeran has litekeela txertaketa.

"Pandemiaren bukaerara iristeko herritarren % 70ek jarri behar dute txertoa. Sekulako lana da. Beraz, has gaitezen albait arinen", esan du asteazken honetan Europako Ganberan.

Formazioz sendagilea den Von der Leyenek keinu sinboliko baten alde egin du, EBko herrialde guztiek "elkarrekin eta batera" egin diezaioten aurre "birus nazkagarri honi". Ildo horretan, Bruselak adierazi du "aldi bereko txertaketa" babesteko prest dagoela.

"Sendagaien Europako Agentziak txertoa merkaturatzeko baimena ematen badu, Bruselak txertaketa kanpaina martxan jartzen lagundu ahal izango die estatukideei", azaldu du prentsaurreko batean Eric Mamer Europako Batzordeko bozeramaileak, xehetasun gehiagorik eman gabe.

Bestalde, EB osatzen duten estatuetako eta gobernuetako buruek iragan astean nabarmendu zuten garrantzitsua dela txertoak Europar Batasuneko pertsona guztiengana modu koordinatuan eta garaiz iristea.

Dena den, oraindik ez dute zehaztu noiz hasiko diren Europan bizi diren 447 milioi biztanleei txertoa jartzen, nahiz eta Von der Leyenek aurreratu duen abenduaren 31a baino lehen izatea espero duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Eguneko albisteak Albisteak Txertoak Koronabirusa