Mundua -

Brexit

Von der Leyenek onartu du "erronka handia" dela arrantzan ados jartzea Londresekin

Europako Batzordeko presidenteak horixe adierazi du Erresuma Batuarekin akordioa lortzeko geratzen den azken gai korapilatsuaren inguruan.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Argazkia: Efe
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Argazkia: Efe
Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan du Erresuma Batuarekin arrantzaren inguruan dituzten desadostasunak gainditzea "erronka handia" dela, eta horixe dela akordiorako azken gai gatazkatsua.

Ostegun honetan izan duten elkarrizketaren ostean, Von der Leyenek eta Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak komunikatu bateratu batean azaldu dutenez, desadostasunak, bereziki, arrantzaren gaian daude.

Hala ere, pozik agertu dira "gai askotan" lortutako "aurrerapen garrantzitsuengatik". "Negoziazioek ostiral honetan jarraituko dute", gaineratu dute.

20:00etan zuten hitzordua telefonoz hitz egiteko, negoziazioen azken astean lortutako aurrerapausoen "balantzea" egite aldera, bi aldeetako iturriek jakitera eman dutenez.

Ostegun honetan Michel Barnier negoziatzaile europarrak Europako Parlamentuko talde politikoetako buruei jakinarazi dienez, aurrerapauso garrantzitsuak eman dira azken kontaktuetan, baina horrek ez du esan nahi oraindik "oztopo" handiak ez daudenik.

Testuinguru horretan, denbora agortzen ari da akordioa urtarrilaren 1ean indarrean jartzeko; izan ere, itun oro EBko hizkuntza guztietara itzuli beharko da, eta Europako Parlamentuaren eta Britainia Handiaren botoaren mende jarri.

Bestalde, Europako Parlamentuak ostegun honetan bertan argi utzi du ezohiko osoko bilkura bat deitzeko prest dagoela urtea amaitu baino lehen, akordio bat aztertzeko eta bozkatzeko, baina ohartarazi du akordioaren lege-testuak beranduenez igande gauerdian iristen badira soilik egingo duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita Londres