Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Kapitolioko polizia bat hil da eta dagoeneko bost dira hildakoak

Halaber, Poliziaren jardunaren inguruko kritiken ondotik, Steven Sund, Kapitolioko Poliziaren buruak dimisioa eman du.

Poliziak Kapitolioan, AEBko Washington hirian. Argazkia: EFE
Poliziak Kapitolioan, AEBko Washington hirian
Poliziak Kapitolioan, AEBko Washington hirian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken orduetan Kapitolioko Polizia bat hil da eta dagoeneko bost dira Ameriketako Estatu Batuetako Kongresua hartzeko saiakeran hil diren pertsonak. Bosgarren pertsona ostegun honetan zendu da, erasoaren biharamunean.

Kapitolioko Poliziak Brian D. Sicknik agentearen heriotza baieztatu du, zenbait orduz polizia baten heriotzaren inguruko zurrumurruak bolo-bolo ibili ostean.

Polizia horretako bozeramaile batek ohar baten bidez jakinarazi duenez, Kapitolioan lanean ari zela izandako zaurien ondorioz zendu da. Oharraren arabera, agenteak "kolapsoa" izan zuen bulegora itzuli zenean, eta ospitalera eraman zuten. Bertan hil da.

Sicknicken heriotzarekin, bost pertsona hil dira Kapitolioa hartzeko saiakeran.

Hildako gainerako lau pertsonak manifestariak dira: San Diegoko 35 urteko emakumea, Pennsylvaniako 50 urteko gizona, Alabamako 55 urteko gizona eta Georgiako 34 urteko emakumea.

Robert Contee III Washington hiriko Polizia buruak ez du heriotza horien inguruko xehetasunik eman, baina adierazi du horietako hiru "mediku larrialdiengatik" hil zirela eta beste bat tiroz.

Kapitolioko Polizia buruak dimisioak eman du

Steven Sund Kapitolioko Polizia buruak dimisioa eman du ostegun honetan, Poliziaren jardunak eragindako kritiken ostean.

Kritikak demokraten zein errepublikanoen aldetik iritsi dira. Nancy Pelosi demokrata eta Ordezkarien Ganberako presidente denak Sunden dimisioa eskatu zuen, eta Mitch McConnell Senatuko errepublikanoen buruak ere Kapitolioari egindako erasoan segurtasun indarrek egindako lana kritikatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mundua berriak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Hauteskundeak AEB argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump albisteak Biden gaur Alderdi ultrakontserbadoreen azken ordukoa