Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Alderdi Demokratak abian jarri du Trumpen aurkako bigarren epaiketa politikoa

Araudia kontuan hartuta, ez dago denborarik Trump urtarrilaren 20a baino lehen kargugabetzeko, baina kargu publiko izatea eta 2024an hauteskundeetara berriro aurkeztea debekatu diezaiokete.

Nancy Pelosi, Ordezkarien Ganberako presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Nancy Pelosi, Ordezkarien Ganberako presidentea
Alderdi Demokratak abian jarri du Trumpen aurkako bigarren epaiketa politikoa

1:3

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi Demokratak ofizialki eskatu du Donald Trumpen aurkako bigarren epaiketa politikoa –'impeachment'- abiarazteko, urtarrilaren 6an bere milaka jarraitzailek Kapitolioaren aurka egindako erasoagatik "matxinada bultzatzea" egotzita. Bozketa asteazken honetan egingo dute Ordezkarien Ganberan.

Joe Bidenek urtarrilaren 20an hartuko du Ameriketako Estatu Batuetako presidente kargua, baina araudiaren arabera, ezinezkoa izango da Trump egun hori iritsi baino lehen kargugabetzea. Aitzitik, kargu publikoa izateko inhabilitazioa ezar diezaiokete eta, ondorioz, ezingo luke 2024ko hauteskundeetara aurkeztu.   

David Ciciline, Ted Lieu eta Jamie Raskin demokratek sartu dute Kongresuan Donald Trump kargugabetzeko prozedura martxan jartzeko eskaera, "Estatu Batuetako Gobernuaren aurkako indarkeria bultzatzea" leporatuta.

Eskaria premiazko bidetik tramitatzea eskatu dute. Espero bezala, Alderdi Errepublikanoak errekurtsoa jarri du, baina, edonola ere, Trumpen aurkako epaiketak politikoa ofizialki abian da.

Alderdi Demokratak erregistratutako testuak dio Trump gezurretan aritu dela azaroaren 3ko hauteskundeak egin zirenetik, iruzurra izan zela zabalduz eta garailea bera izan zela esanez.

Horrez gain, Georgiako Estatu idazkariari telefonoz egindako presioak ere aipatzen ditu: hauteskundeetako emaitzari buelta emateko, mila boto inguru "bilatu" zitzala agindu zion.

"Horrekin guztiarekin, Trump presidenteak arrisku larrian jarri zuen Estatu Batuetako segurtasuna eta Gobernuaren erakundeak", dio testuak, CNN telebistak jakinarazi duenez.

"Sistema demokratikoa kolokan jarri zuen, botereen arteko trantsizio baketsuan esku hartu zuen eta Gobernuko botereen arteko egonkortasuna arriskuan jarri zuen. Hortaz, presidente izateko herritarrek eman zioten konfiantza Estatu Batuetako gizarteari min egiteko erabili zuen", salatu dute demokratek.

Gaur abiatutako bigarren epaiketa politikoa izango da. Lehendabizikoa 2019an egin zioten, boterea bere mesedetan eta Kongresua Ukrainako agintariei presio egiteko erabili izana –Jode Biden eta haren semea ikertzeko eskatu zien- leporatu zioten, baina, azkenean, errugabe jo zuten.

Nolakoa da kargugabetze prozesua?

Presidente bat epaitzeko prozesua Konstituzioan jasota dago eta Ordezkarien Ganberan hasiko da, lehenengo fasean Justizia Batzordean eta, ondoren, osoko bilkuran. Gehiengo sinplea beharrezkoa da prozesua abiarazteko, beraz, demokratak nahikoa dira epaiketa politikoa bultzatzeko.

Estatu Batuetako historian, Ordezkarien Ganberak hirutan bakarrik eman dio 'argi berdea' epaiketa politikoari, eta hiru kasuetan -Andrew Johnson, 1868an; Bill Clinton, 1998an; eta Donald Trump, 2019an-, Behe Ganberaren eta Etxe Zuriaren kolore politikoa ezberdina zen. 1974an, Richard Nixonek epaiketa politkoa saihestu zuen, 'Watergate' auzigatik dimisioa aurkeztu ostean.

Ordezkarien Ganberak 'impeachment'-a bermatzen badu, pilota Senatuaren teilatura pasatuko da eta ganbera horretan egingo dute epaiketa politikoa.

Puntu horretara iritsita, akusatutako presidenteak bi aukera baino ez ditu: absoluzioa, Johnsoni, Clintoni eta Trumpi berari gertatu zitzaien bezala; edo kargugabetzea, eta horretarako Senatuaren bi herenek aldeko botoa eman behar dute (67 eserleku). Estatu Batuek ez dute inoiz presidente bat sistema horren bidez erortzen ikusi.

Hala ere, Kamala Harris presidenteordeak kargua hartzen duenean demokratek gehiengo sinplea izango dute eta Trump kargu publikoetan aritzeko gaitasunik gabe uztea erabaki dezakete, 2024ko hauteskundeetara aurkeztea galarazita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste zirraragarriak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Gaurko titularrak Albisteak Donald Trump Biden azken ordukoa