Publizitatea
Itxi

2021/01/11

22:10

Mundua

Kargu hartzea

FBIk ohartarazi du AEB osoan “ekintza armatuak” egon litezkeela larunbatetik aurrera

L.Z. | EiTB MEDIA

Horren aurrean, AEBko Guardia Nazionalaren buruak iragarri du 15.000 militar aterako direla kalera Joe Bidenek kargua hartzen duen egunean, urtarrilaren 20an.

  • Kapitolioaren aurkako erasoa

    Kapitolioaren aurkako erasoa. EFEren artxiboko argazkia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

FBIk barne txosten baten bidez ohartarazi du AEB osoan "ekintza armatuak" egon litezkeela larunbatetik aurrera, alegia, nazio mailako "altxamendua" gerta litekeela, eta igandetik aurrera Kapitolioa berriz erasotzeko ahalegina egingo dutela. Protesta horiei buruz erantsi du Joe Biden presidente hautatu arte luzatuko dituztela.

"Mobilizazio armatuak antolatzen dabiltza 50 estatuetako kapitolio guztietan, urtarrilaren 16tik 20ra bitartean eta Washingtongo Kapitolioan hilaren 17tik 20ra", dio ABC telebista kateak kontsultatutako barne txosten horrek.

"Identifikatu gabeko talde armatu bati buruzko informazioa jaso dugu. Talde horretako kideen asmoa da urtarrilaren 16an Washingtonera joatea. Trump presidentea kargutik 25. zuzenketaren bidez kentzen badute, altxamendu handia gerta liteke", zehaztu dute txostenean.

15.000 militar bidaliko ditu Guardia Nazionalak

Horren aurrean, AEBko Guardia Nazionalaren buruak iragarri du 15.000 militar aterako direla kalera Joe Bidenek kargua hartzen duen egunean, urtarrilaren 20an.

Dagoeneko, 6.200 militar ari dira lanean Kapitolioaren erasoaz geroztik. Urtarrilaren 6an jazo ziren Donald Trump jarduneko presidentearen jarraitzaileek bultzatutako protestak. Urtarrilaren 16rako, baina 10.000 militar gehiago egongo omen dira lanean AEBko kaleetan.

Ildo horretan, Muriel Bowser Washingtongo alkateak astelehen honetan Segurtasun Departamentu Nazionalari eskatu dio neurriak indartzeko, batez ere Kapitolio inguruan, Joe Biden presidente hautatuaren kargu hartzea dela eta.

Trump zigortzea aztertzen ari da Washingtongo fiskal nagusia

Karl Racine Washingtongo fiskal nagusiak jakitera eman du Donaldo Trump AEBko presidentea zigortzea aztertzen dabilela, Kapitolioaren aurkako erasoa antolatu zuten jarraitzaileei emandako bultzadagatik.

Racinek NBCri emandako elkarrizketan azaldu du ikerketa zabalik dagoela, eta zigorra ezartzea beharrezkoa ikusten duela Trumpek "indarkeria kinatu" zuela iritzita.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena