Mundua -

Alemania

Armin Laschet kontinuista, Angela Merkelen CDU alderdiko presidente berria

Ipar Renania-Westfaliako lehen ministroak garaipena lortu du bozketa telematikoaren bigarren itzulian. Friedrich Merz eskuindarrari gailendu zaio.

Armin Laschet Ipar Renania-Westfalia Landerreko lehen ministro zentrista. Argazkia: EFE
Armin Laschet Ipar Renania-Westfalia Landerreko lehen ministro zentrista. Argazkia: EFE
Armin Laschet hautatu dute CDU alderdiko buru

1:52

E. L. | EiTB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Armin Laschet Ipar Renania-Westfalia Landerreko lehen ministro zentrista Batasun Kristau Demokratako (CDU) presidente berri izendatu dute gaur alderdiko ordezkariek. Beraz, Angela Merkel Alemaniako kantzilerraren alderdia zuzenduko du.

Laschet kontinuismoaren ordezkaria da, eta Jens Spahn Osasun ministroaren babesa du. Hautagaiak garaipena lortu du bozketa telematikoaren bigarren itzulian. Friedrich Merz eskuindarrari gailendu zaio.

Hirugarren hautagaia, Norbert Rottgen zentrista, lehiatik kanpo geratu da bozketaren lehen itzulian.

Laschet, alderdiko presidenteordea, Merzen atzetik sailkatu da lehen itzulian, baina bigarren bozketan 521 boto erdietsi ditu. Merzek, ostera, 466 boz eskuratu ditu. Merz Angela Merkel kantzilerraren etsai historikoa da.

Honenbestez, ildo kontinuista nagusitu da. Alderdiak eskuinera biratzea saihestu dute CDUko ordezkariek.

Laschetek tonu oso pertsonalean mintzatu zaie alderdikideei bozketa baino lehen. Bere familia meatzaria gogora ekarri du, Merz aberatsetik desberdindu nahian. Polarizazioaz, estremismoez eta Ameriketako Estatu Batuetan gertatutakoaz ohartarazi du irabazleak, hau da, kargua utzi behar duen Donald Trump presidentearen jarraitzaileek Kapitolioaren aurka egindako erasoa gogorarazi du.

Hiru hautagaiak CDUren biltzarrean. Argazkia: EFE

Hiru hautagaiak CDUren biltzarrean. Argazkia: EFE

Alderdikideek hiru hautagaiei egin dizkieten galderetan, Spahnek Lascheti babesa eman dio; izan ere, haren aldeko boza eskatu du. Atzo, alderdikideak agurtzeko hitzaldian, Merkelek “talde espiritua” aipatu zuen dagoeneko, bikote horri babes argia emanez.

Hiru hautagaiak modu birtualean aurkeztu dira 1.001 ordezkariren aurrean, 20 bat minutuko hitzaldiekin. Ondoren lehen bozketa telematikoa egin dute, eta gero berdinketa hausteko bigarrena.

Irailaren 26ko hauteskunde orokorrei begira, bloke kontserbadorearen hautagaia definitzeko behin betiko pausoa izan da CDUren buruzagi berria aukeratzea.

Hamarkadetan zehar, hautagaitza Bavariako Batasun Sozial Kristauarekin (CSU) adostu dute. Zentzu horretan, Markus Soder Bavariako lehen ministro eta CSUko buruzagiak kantziler izateko asmoa duela diote zurrumurruek.

Bavariako agintaria, Spahn ministroarekin batera, politikari balioztatuenen artean dago. Angela Merkelek soilik du babes handiagoa herritarren artean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Alemania Angela Merkel Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Alemania Hauteskundeak