Mundua -

Errusia

Errusiako auzitegi batek 30 eguneko espetxealdia ezarri dio Alexei Navalniri

Disidentea otsailaren 15era arte egongo da zaintzapean, eta kalera ateratzeko deia egin die jarraitzaileei.

Alexei Navalni, Errusian oposizioaren burua. EFEren artxiboko argazkia
Alexei Navalni, Errusian oposizioaren burua
Alexei Navalni, Errusian oposizioaren burua. EFEren artxiboko argazkia

agentziak | EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusiako auzitegi batek 30 eguneko espetxealdi prebentiboa ezarri dio Alexei Navalni oposizioko kideari (Bart atxilotu dute Navalni, Berlindik iritsi zenean), pozoitzetik suspertu eta Moskura itzuli denari, abokatuak baieztatu duenez.

"Alexei Navalni 2021eko otsailaren 15era arte espetxeratu dute", adierazi du Vadim Kobzev abokatuakek twitter sare sozialean duen kontuan. Halaber, Navalniren hainbat jarraitzaile auzitegiaren aurrean bildu direla eta oposizioko kideak eskerrak eman dizkiela esan du.

Errusiako Espetxe Zerbitzu Federalak (FSIN) adierazi duenez, Navalni "baldintzapeko epai bat betetzeke dagoelako atxilotu dute, eta 2020ko abenduaren 29tik probaldian egindako hainbat arau-hausterengatik ari ziren bere bila".

Sare sozialen bidez zabaldutako bideo batean, Navalnik kalera ateratzeko eta Gobernuaren aurka protesta egiteko deia egin die bere jarraitzaileei. "Ez izan beldurrik. Irten kalera. Ez niregatik, baizik eta zuen etorkizunagatik", esan du. Bloomberg albiste agentziak jakitera eman duenez, urtarrilaren 23rako protestak deitzea espero dute, nahiz eta manifestatzeko baimena lortu ez.

Hala, Errusiako sistema judizialaren "lege falta" deitoratu du, eta "Justizia faltsu asko" ikusi duela gaineratu du. "Oraingoan, bunkerreko gizonak beldur handiegia du, Auzipetze kriminalaren legea hautsi eta zakarrontzira bota dutelako", esan du Vladimir Putin presidenteari erreferentzia eginez.

Astelehen honetan bertan, oposizioko kidearen abokatu taldeari jakinarazi diote Navalnik saio judiziala izango duela komisarian bertan, eta abokatuek ez omen dute bezeroarengana jotzeko aukerarik izango.

Navalni barne hegaldi batean gaixotu zen abuztuaren 20an, eta ondoren Berlinera eraman zuten tratamendua jasotzeko. Europar Batasunak zigorrak ezarri zizkien urrian Errusiako presidentearen gertuko hainbat goi funtzionariori, Alemania, Frantzia eta Suediako laborategiek Navalni Novichok izeneko agente kimiko batekin pozoitu zutela ebatzi ostean.

Errusiako oposizioko kideak salatu duenez, Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalak (FSB), KGBren ondorengoak, substantzi toxiko batekin pozoitu zuen. Errusiako presidenteak askotan gaitzetsi ditu salaketak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Errusia Alemania Eguneko albisteak Albisteak