Mundua -

Errusia

Navalni Errusiako oposizioaren buruzagia pozoitu egin zutela baieztatu du Alemaniak

Navalni Berlingo ospitale batean dago, hobera egin du, baina zainketa intentsiboetako unitatean dute oraingoz. Oraindik ez dakite pozoiaren ondorioak zeintzuk izan daitezkeen.

Alexei Navalni artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Alexei Navalni artxiboko irudi batean.
Alexei Navalni artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemaniako Armadaren laborategi batean egindako proben arabera, Alexei Navalni Errusiako oposizioaren buruzagia pozoitu egin zuten Novichok nerbio-gasa erabiliz. Hala baieztatu du Alemaniako Gobernuak analisien emaitzen berri izan eta gero.

2018an, Sergei Skripal espioi errusiar ohiaren eta haren alabaren kontra Erresuma Batuan egindako erasoan ere pozoi bera erabili zuten. Bizirik atera ziren biak eta agintari britainiarrek Errusiari leporatu zioten erasoaren ardura.  

Navalniren aurkako erasoa abuztuaren 20an gertatu zen, Siberiatik Moskura zihoala. Ezustean ondoezik sentitu zen eta hegazkinak larrialdiko lurreratzea egin behar izan zuen Omsken. Koma egoeran ospitaleratu zuten.

Kira Yarmish bozeramaileak hasieratik esan zuen Navalni hegazkinean pozoitu zutela, hegaldian hartu zuen tean substantziaren bat botata. Hala ere, Omskeko ospitaleko medikuek baztertu egin zuten aukera hori, eta Navalnik "trastorno metabolikoa" pairatu zuela adierazi zuten. Handik bi egunetara, Errusiako oposizioaren buruzagia Berlingo ospitale batera eraman zuten.  

Analisien emaitzaren berri izan ostean, Angela Merkelek bere gobernuko ministroak bildu ditu auzia aztertzeko eta hurrengo urratsak erabakitzeko.

Alemaniako Gobernuak "nerbio-gai kimiko batekin egindako erasoa" gaitzetsi eta Errusiako Gobernuak azalpenak eman behar dituela esan du. Horrenbestez, Atzerri Ministerioak bilerara deitu du Berlinen dagoen enbaxadore errusiarra.

Berlinek iragarri du Europar Batasunarekin eta NATOrekin harremanetan jarriko dela emaitzen berri emateko, eta erantzun bateratu bat emateko aukera aztertuko dute.

Bitartean, Navalni Berlingo ospitale batean dago, hobera egin du, baina zainketa intentsiboetako unitatean dute oraingoz. Alabaina, oraindik ez dakite pozoitzearen ondorioak zeintzuk izan daitezkeen.

Errusiak ukatu egin du pozoitzearen tesia, baina elkarlanerako prest agertu da

Bestalde, Errusiako Gobernuak esan du Alemaniak egindako salaketak ez duela inolako oinarririk, baina, edonola ere, Berlinekin elkarlanean aritzeko borondatea erakutsi du.

"Atzean utzi nahi nuen garaietara bueltatzen ari garela ematen du, eta gai serioak oinarririk gabeko adierazpenak eztabaidatzen ari gara", adierazi du Maria Zajarova Atzerri Ministerioaren bozeramaileak.

Dimitri Peskov Kremlinen bozeramaileak, bere aldetik, adiskidetzeko adierazpenak egin ditu. "Alemaniarekin datuak trukatzeko eta elkarlanean aritzeko prest gaudela berresten dugu", azpimarratu du.

Horrez gain, Novichok substantzia kimikoaren sorreran parte hartu zuen Leonid Rink zientzialariak ezinezkotzat jo du Alemaniaren hipotesia. "Substantzia horrekin pozoitu balute, hilda egongo litzateke, ez koman", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Errusia Alemania Eguneko albisteak Albisteak