Mundua -

ITALIA

Italiako lehen ministroak konfiantza mozioari aurre egingo dio gaur Parlamentuan

Italia Viva alderdiak Conteren gobernuari babesa erretiratzeak krisi politikoa eragin du. Lehen ministroa Senatuaren aurrera aurkeztuko da asteartean, babes nahikorik duen ala ez egiaztatzeko.

Giuseppe Conte Italiako lehen ministroa Erromako kaleetan. Artxiboko argazkia: EFE
Giuseppe Conte Italiako lehen ministroa Erromako kaleetan
Giuseppe Conte Italiako lehen ministroa Erromako kaleetan. Artxiboko argazkia: EFE

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak konfiantza mozioari aurre egin beharko dio gaur Parlamentuan. Izan ere, Matteo Renzi lehen ministro ohiaren Italia Viva alderdiak gobernuari babesa erretiratu ostean, Conteren gobernua gutxiengoan gelditu da. Gaurkoaren ondotik, Conte Senatura joango da asteartean, babes bila.

Contek hitzaldia eskainiko du 12:00etan Parlamentuan. Ikusteke dago Contek aipamena egingo ote dion Renziren jarrerari edo osterantzean osasun egoera eta krisi ekonomikoa aipatuz erantzukizunerako deia egingo duen. Bertako hedabideen arabera, europazaleei dei egingo die hurrengo hauteskundeetan eskuinak irabaz dezakeelakoan. 

Gaur egun, Bost Izarren Mugimendua da talderik handiena behe ganberan. Legegintzaldia hasi zenetik 31 kide galdu baditu ere, oraindik ere 191 parlamentari ditu. Horiei Alderdi Demokrataren 92 ordezkariak eta Askeak eta Libreak alderdiaren 12 kideak gehitu behar zaizkie.

Talde mistoak biharko Senatuko bozketan izan dezakeen jarreraren aurrerapen bat izan daiteke gaurko Parlamentuko bozketa. Senatuan Conte urrun dago gehiengo absolututik. 161 boto beharko lituzke horretarako. Dena dela, 155 eta 158 boto lortuta gehiengo sinplea bermatuko luke eta hori nahikoa izango luke agintean jarraitzeko.

Senatuan erabakigarria izan daiteke biziarteko senatari kargua dutenen botoa. Liliana Segre 90 urteko senatariak aurreratu duenez, Senatuan izango da bihar.

Bien bitartean, Renzik asteburuan eskainitako hainbat elkarrizketatan aurreratu duenez, abstenitu egingo da. Aitzitik, Alderdi Demokratak eta Bost Izarren Mugimenduak asteburuan adierazitakoaren arabera, itxita dago Italia Vivaren itzulera gobernura.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Italia