Mundua -
Errusia
Alexei Navalni oposizioko burua ziega batean isolatu dute berrogeialdian
14 egunez egongo da konfinatuta covid-19aren kontrako neurrien ondorioz, eta epaiketaren lehen saioa otsailaren 2an egingo dute, berrogeialdia amaitu eta gero.
eitb media
Alexei Navalni Errusiako oposizioko burua ziega batean isolatu dute berrogeialdian Moskuko Matrósskaya Tishiná kartzelan, Alexei Melnikov Moskuko Udaletxeko Presoen Patronatu Sozialeko (ONK) idazkari exekutiboak jakitera eman duenez.
Alemanian bost hilabete egon ondoren, urtarrilaren 17an atxilotu zuten oposizioko burua. Moskura iritsi bezain pronto, eta Errusiako auzitegi batek behin-behienan 30 eguneko espetxealdia ezarri zion. Orain, 14 egun eman beharko ditu berrogeialdian, atzerritik etorri baita.
Melnikovek aditzera eman duenaren arabera, Navalni hiru preso hartzeko ziega batean dute, baina bakarrik dago bertan, eta eta bizitzeko gutxieneko bermeak dituela azaldu du.
Halaber, behar dituen elikagaiak edota bestelako lehengaiak eskuratu ditzake espetxeko dendan, zuzenean edo senideen bitartez.
Bitartean, 2014an ezarritako eta bertan behera utzitako kartzela-zigorra (3,5 urtekoa) betearazteko eskatu dio Errusiako Espetxe Zerbitzu Federalak (FSIN) justiziari. Epaiketa hura “arbitrarioa” izan zen, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren arabera.
Ondorioz, epaiketaren lehen saioa otsailaren 2an egingo dute, berrogeialdia amaitu eta biharamunean.