Mundua -
Protestak
Dozenaka pertsona atxilotu dituzte Atenasen izandako protestetan
50.000 bat manifestarik Atenaseko kaleak hartu dituzte 1973ko ikasleen altxamendua gogorarazteko eta herstura neurrien aurka protesta egiteko.
Erredakzioa
50.000 bat manifestarik Atenaseko kaleak hartu dituzte 1973ko ikasleen altxamendua gogorarazteko eta herstura neurrien aurka protesta egiteko. Greziako Poliziak dozenaka pertsona atxilotu ditu. zenbait talde desegiteko gas negar-eragileak erabili behar izan ditu Poliziak.
Danborrekin eta "EB eta NDF kanpora" lelopean milaka lagun bildu dira Atenaseko kaleetan. Lucas Papadimos lehen ministroaren batasun nazionaleko Gobernuarentzat aurreneko proba izan da gaurkoa. Finantza-erreskateko neurri ekonomiko gogorrak aplikatu behar ditu Papadimosen Exekutiboak.
Poliziak gas negar-eragileak erabili behar izan ditu eta zenbait manifestarik molotov kokatelak eta harriak bota dituzte polizien aurka. Hala ere, Atenaseko protesta liskar handiegirik gabe desegin da, agintariek goraipatu dutenez.
Tesalonica
Era berean, Tesalonican, Greziako bigarren hirian, manifestaldia izan da. Hala ere, ez da Atenasekoa bezain handia izan. Atenaseko protestak hezkuntza eta negozio zentroak itxi, eta garraio zerbitzuetan aldaketak eragin ditu.
Batzorde militarraren aurka ikasleek 1973an egindako altxamendu odoltsua gogorarazi ohi du azaroaren 17ko martxak, baina sarritan Gobernuaren aurka protesta egiteko aitzakia bihurtzen da.
Aurtengo martxa Papadimos ohartarazteko erabaliko zutela aurreratu zuten sindikatuek. Europako Banku Zentraleko (EBZ) presidenteorde ohiak ez du eskarmentu politikorik eta Grezia "porrotera bideratu duten" politikak atzera botatzeko eskatu diote sindikatuek.