Publizitatea
Itxi

2021/01/21

07:03

Mundua

AEB

Ameriketako Estatu Batuak Parisko Akordiora eta Munduko Osasun Erakundera itzuli dira

EFE | EITB MEDIA

AEBko presidente berriak 17 dekretu sinatu ditu lehen egunean. Donald Trumpek hartutako zenbait erabaki atzera bota ditu.

0:44
Joe Biden dekretuak sinatzen.
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Etxe Zurira iritsi eta lehen egunean, Joe Biden AEBko presidente berriak 17 dekretu sinatu ditu, Donald Trump aurreko presidenteak hartutako zenbait erabaki bertan behera uzteko. Esaterako, Ameriketako Estatu Batuak (AEB) Klima Aldaketari buruzko Parisko Akordiora eta Munduko Osasun Erakundera (MOE) itzuliko dira eta gehiengo musulmana duten herrialdeetako biztanleei AEBra bidaiatzeko debekua altxatu die.

Hauek dira 17 neurriak:

1. Mexikorekiko mugan harresia eraikitzeko lanak eten ditu. Presidenteak bertan behera utzi du Trumpek funtsak desbideratzeko eta harresia eraikitzeko lanak finantzatzeko ezarri zuen larrialdi nazionala.

2. Musukoaren erabilera, 100 egunez. Bidenek agindu bat sinatu du estatubatuarrei musukoa erabiltzeko eskatuz bere agintaldiaren lehen 100 egunetan; gaur-gaurkoz estatu batzuetan bakarrik da derrigorrezkoa. Instalazio federaletan derrigorrezkoa izango da.

3. Klima Aldaketari buruzko Parisko Akordiora itzulera. Ameriketako Estatu Batuak Parisko Akordiora itzultzea onartu du. 30 egun beharko dira prozesua gauzatzeko. Donald Trumpek 2017an onartu zuen bertatik irtetea.

4. Munduko Osasun Erakundera itzulera. Aurreko neurriaren ildo berean, presidenteak bertan behera utzi du Ameriketako Estatu Batuak Munduko Osasun Erakundetik (MOE) irteteko Donald Trumpek hartutako erabakia.

5. Alokairuen eta hipoteken luzapena. Bidenek martxoaren 31ra arte atzeratu ditu alokairua ordaindu ezin dutenen etxegabetzeak eta hipoteken gauzatzeak.

6. Ikasleen zorrak ordaintzeko etena luzatzea. Krisi ekonomikoa tarteko, presidenteak irailaren 30era arte luzatu du gobernu federalen esku dagoen ikasleen zorra ordaintzeko etenaldia.

7. Musulmanei ezarritako betoa altxatu du. Gehiengo musulmana duten herrialdetako biztanleei AEBra bidaiatzeko debekua altxatu die Bidenek. Hauek dira orain arte zerrenda horretan zeuden herrialdeak: Eritrea, Iran, Kirgizistan, Libia, Myanmar, Nigeria, Somalia, Sudan, Siria, Tanzania eta Yemen.

8. Keystone XL oliobidea bertan behera uztea. Presidenteak bertan behera utzi du Keystone XL oliobidearen proiektua, krisi klimatikoaren aurkako borrokaren ikur bihurtu dena, eta Trumpek ingurumenari buruz hartutako ehun erabaki baino gehiago berrikustea agindu du.

9. Bultzada ameslariei. Bidenek sinatutako beste agindu batek DACA programa babesten du, umetan AEBra iritsi ziren 650.000 pertsona inguru, "Dreamers" edo "ameslariak" bezala ezagutzen direnak, deportaziotik babesten dituena.

10. Liberiarren deportazioak, bertan behera. Bidenek 2022ko ekainaren 30era arte luzatu ditu liberiarren deportazioak eta lan-baimenak. Liberiako errefuxiatuentzako programa berezi horrek 4.000 liberiar inguru babestuko ditu.

11. Paperik gabekoen atxiloketak. Paperik gabeko migratzaileak atxilotzeko orduan AEBko Immigrazioa eta Aduanak Kontrolatzeko Zerbitzuak dituen irizpideak berrikusteko agindu du Bidenek.

12. Paperik gabekoak erroldan sartzea. Gainera, paperik gabeko migratzaileak erroldan sartzeko agindu du.

13. Covid-19aren aurkako koordinatzailea. Presidenteak covid-19aren aurkako koordinatzailearen figura sortu du, txertoen hornikuntza, banaketa eta administrazioa gainbegiratzeko. Jeff Zients izango da koordinatzailea.

14. 1776 batzordearen amaiera. Trumpek sortu zuen 1776 batzordeari amaiera eman dio Bidenek. Historialariek argitaratutako txosten baten arabera, batzorde horrek AEBko esklabotzaren historia desitxuratzen zuen.

15. LGTBQ komunitatea babestea. Gobernu federalean sexu orientazioagatik edo genero identitateagatik lanpostuan gertatzen den diskriminazioaren aurka egin du.

16. Konpromiso etikoa. Presidenteak agindu bat onartu du, gobernu federaleko konfiantzazko kargudunak konpromiso etiko bat sinatzera behartzeko.

17. Trumpen azken orduko neurriak izoztea. Trumpek azken orduetan onartutako neurri arautzaileak bertan behera utzi ditu.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena