Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
Trumpen aurkako epaiketa politikoa aktibatzeko dokumentazioa bidaliko du gaur Pelosik
Asteartean hasiko dituzte prozedura kontuak eta prestaketa lanak. AEBko presidente ohiaren kontrako bigarren epaiketa politikoa otsailaren 8ko astean abiatuko da.
O. A. | EITB MEDIA
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente ohiaren aurkako epaiketa politikoa abiatzeko dokumentazioa bidaliko du astelehen honetan Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak Senatura.
Trumpen kontrako epaiketa politikoa otsailaren 8ko astean hasiko da, Chuck Schumer AEBko Senatuko gehiengo demokratikoko buruak pasa den ostiralean iragarri zuenez. Schumerren esanetan, gaur aurkeztuko dituzte Trumpen aurkako akusazioak Senatuan eta asteartean hasiok dituzte prozedura kontuak eta prestaketa lanak.
Aurrez, epaiketa politikoa otsailaren amaiera arte atzeratzea eskatu zuen Mitch McConnell Senatuko errepublikanoen buruzagiak. Haren esanetan, Trumpi defentsa prestatzeko denbora emateko egin du atzerapen eskaera.
Otsailean abiatuko dena Trumpen kontrako bigarren epaiketa politikoa izango da. Lehenengoan, Senatuak absolbitu egin zuen leporatzen zizkioten kargu guztietatik. Orduko hartan, Ukrainari ustez egindako presioengatik epaitu zuten.
Bigarrengoan, matxinadarako deia egitea leporatzen diote urtarrilaren 6an bere jarraitzaileek Kapitolioa hartu aurretik. Erasoan bost pertsona hil ziren.
Asteazkenaz geroztik AEBko presidente ez denez, dagoeneko ezingo dute kargugabetu. Hala ere, Senatuak kargu publikoetarako inhabilitazioa ezarri ahalko dio Trumpi.