Mundua -

Koronabirusa

500dik gorako tasa metatua duten eskualdeak isolatzea proposatu du Bruselak

Europar Batasun barruko zein kanpoko bidaiak ezinbestekora mugatzea eskatu du, eta neurri murriztaileak "irmotasunez" betearazteko deia egin die Europako Batzordeak estatu kideei.

Langile bat Frantziako aireportu bat desinfektatzen. Artxiboko argazkia: EFE
Langile bat Frantziako aireportu bat desinfektatzen.
Langile bat Frantziako aireportu bat desinfektatzen. Artxiboko argazkia: EFE

E.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europan barrena covid-19a arin eta nabarmen hedatzen ari dela eta, arduratuta dago Europako Batzordea (EB) eta, hala, Europar Batasuneko herrialdeei bidaiak ezinbestekora mugatzea gomendatu die gaur. Birusaren aldaera berriek kutsakorrago egiten dute koronabirusa, eta kutsatze horiek saihesteko barneko zein kanpoko bidaiak murriztea aholkatu die estatu kideei.

Mugikortasuna ahalik eta gehien murrizteko gomendio hori bereziki 100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 500dik gora duten eskualdeei luzatutakoa dela azpimarratu du Bruselak. Espainiako Estatuan, esaterako, 804.50koa da tasa hori.

Neurri murriztaileak ezartzeko "irmotasuna" galde egin die Bruselak 26 estatuei. Didier Reynders Europako Justizia komisarioaren arabera, EBko estatuen artean jendearen joan-etorriak saihestu behar dira, baita estatu barruko bidaiak murriztu ere.

Horrez gain, Europar Batasunetik kanpotik etorritako bidaiariei honako baldintzak jartzea gomendatu die: PCR negatiboaren proba exijitzea, eta birusaren aldaera arriskutsuena duten herrialdeetatik heldutakoen kasuan, autoisolatzea, koarentena eta heldu eta 14 egunera izandako harremanak arakatzea.

"Batzordeak proposatzen du funtsezkoak ez diren bidaia guztiak indarrez baztertzea, egoera epidemiologikoa nabarmen hobetu arte. Hori egitean, estatu kideek euren lurraldean bidaiatzeko aplikatzen dituzten neurriekiko koherentzia bermatu behar dute ", adierazi du Europako Batzordeak ohar batean.

Bruselak adierazi du gomendio hori bereziki 500dik gorako tasa metatua duten Europako eskualdeei zuzenduta dagoela (Espainiako Estatuak, esaterako, 804.50 kasuko tasa du), eta Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroaren (ECDC) mapan kolore gorri iluna esleitzea proposatu die, kasuen hedapena monitorizatzeko.

Europako Batzordearen arabera, eremu horietatik iristen diren pertsonei test negatiboa eskatu beharko litzaieke bidaia egin aurretik, eta helmuga duten herrialdean berrogeialdia gorde beharko lukete nahitaez.

Lan egiteko edo familia-arrazoiengatik muga maiz zeharkatu behar duten pertsonek ez dute berrogeialdia bete beharko, eta PCR probek maiztasun "proportzionatua" izan beharko dute.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Brusela Espainia Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa