Publizitatea
Itxi

2021/02/05

19:19

Mundua

Europar Batasuna

Borrellek Navalni askatzea eskatu du, eta Errusiak preso kataluniarrekin erantzun dio

agentziak | eitb media

Europar Batasuneko Atzerri Politikarako Goi Ordezkariak, gainera, oposizioko kidearen ustezko pozoitzeari buruzko ikerketa "independentea" galdegin du.

  • Lavrov eta Borrel, gaur, Moskun. Argazkia: Efe

    Lavrov eta Borrel, gaur, Moskun. Argazkia: Efe

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Josep Borrellek, Europar Batasunaren Atzerri Politikarako Goi Ordezkariak, Alexei Navalni oposizioko kidea eta azken egunotan atxilotutako gainerako jarraitzaileak libre uzteko eskatu dio Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroari, eta horrek Europako polizia-bortizkeriarekin eta preso kataluniar independentisten egoerarekin erantzun dio.

Moskun egin duten bileraren osteko prentsaurrekoan, Borrellek berretsi du Navalniren askatasuna aldarrikatzen dutela, eta espero duela Errusiak ikerketa "independentea" egitea oposizioko kidearen ustezko pozoitzearen inguruan.

Goi Ordezkariaren hitzak entzun ostean, Lavrovek Europan eta AEBn izandako polizia-gehiegikeriak gogorarazi dizkio, eta Kataluniako politikari independentistak "bultzada politikoz hartutako erabaki judizialekin" espetxeratu zituztela gaineratu du.

Hala, ministro errusiarrak azpimarratu duenez, "Kataluniako buruzagi independentistak erreferendum bat antolatzeagatik daude preso, eta Espainiako Justiziak ez du erabaki hori atzera bota, Alemaniako eta Belgikako auzitegiek kontrako ebazpenak eman dituzten arren". "Horren aurrean, Espainiak bere sistema judiziala defendatu eta bere erabakiak ez zalantzan jartzeko eskatu du. Horixe eskatzen diogu guk ere Mendebaldeari", azaldu du Lavrovek.

Bestalde, Arancha Gonzalez Laya Espainiako Atzerri Gaietarako ministroak adierazi du, Errusia ez bezala, Espainia "erabateko demokrazia" dela, eta Espainiako Estatuan "preso politikorik ez, politikari presoak" daudela. Gaineratu duenez, "espero dut Navalni jauna ere kanpaina egiteko gai izatea datozen hauteskundeetan, Espainian zigorra betetzen ari diren buruzagi independentista kataluniarren moduan".

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena