Mundua -
Ekuadorreko hauteskundeak
Lassok zenbaketa amaitu arte itxaroteko eskatu du bigarren itzuliari begira
Apirilaren 11n egingo den bigarren itzulian Arauzen aurka aritzeko lehia Yaku Perez eta Guillermo Lasso hautagaien artean dago, baina oraindik boto asko daude kontatzeko.
eitb media
Guillermo Lasso Ekuadorko presidenterako hautagai kontserbadoreak pazientzia eskatu du eta botoen zenbaketa amaitu arte itxaroteko, apirilaren 11n egingo den bigarren itzulian Andres Arauz hautagaiaren aurkaria nor izango den jakiteko.
Lehen itzulia otsailaren 7an egin zuten, eta Andres Arauz izan zen garailea, botoen % 32 lortuta. Ez zuen lortu, ordea, bigarren itzulia saihesteko beharrezko babesa (botoen % 40).
Ondorioz, apirilaren 11n egingo den bigarren itzulira joan beharko du Arauzek, eta boto gehien lortu dituen bigarren hautagaiaren aurka arituko da.
Yaku Perez eta Gillermo Lasso hautagaiek botoen % 19,95 eta % 19,57 lortu zituzten, eta, ondorioz, bigarren eta hirugarren postuan geratu dira. Alabaina, oraindik ez dituzte botoen % 100 zenbatu, eta, beraz, behin betiko datuak izan arte itxaron beharko da Arauzekin nor lehiatuko den jakiteko.
Halaber, Lassok esan du Hauteskunde Batzorde Nazionalak (CNE) 5.500 aktaren berri eman duela, nobedade garrantzitsuekin. Akta horiek akta guztien % 13 eta 1,5 milioi boto baino gehiago dira.
Honela, Lassok espero du zenbaketa amaitutakoan bigarren postua bereganatzea, apirilaren 11n egingo den bigarren itzulian Arauzen aurka aritzeko.
Halaz ere, CNEk aitortu du zenbaketaren emaitza jakiteko egunak igaro daitezkeela, eta, hortaz, oraindik ez dago jakiterik nor izango den Arauzen lehiakidea bigarren itzulian.