Mundua -

Italiako krisi politikoa

Premiazko gobernua osatzeko lanetan ari da Draghi, M5S alderdiak zalantzak izan arren

Conteren alderdiak behin betiko programa ezagutu arte itxarongo du Gobernua babesteko. Trantsizio Ekologikoko Ministerioa sortzeko asmoa du Draghik, M5S alderdiaren eskaeretako bat hori baita.

Draghi bere gobernua osatzeko babesen bila. Argazkia: EFE.
Mario Draghi negoziaketetan.
Draghi bere gobernua osatzeko babesen bila. Argazkia: EFE.

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mario Draghi ekonomialariak gobernu berria osatzeko lanetan jarraitzen du, Sergio Mattarela Errepublikako presidenteak premiazko gobernu bat osatzeko eskatu ostean. Sindikatuekin eta erakunde ekologistekin batzartuko da Draghi datozen orduetan, 5 Izar Mugimendua (M5S) alderdiaren baitan gobernu berriarekiko zalantzak piztu diren bitartean.

Europako Banku Zentraleko presidente ohiak negoziazioei ekin die gobernu berria osatzeko, Matteo Renzi Italiako presidente ohiaren alderdiak (Italia Viva) koalizio gobernutik aterata eragindako krisiari aurre egiteko.

Parlamentuko alderdi guztiek babestuko dute Draghiren Gobernua, Fratelli d'Italia ultraeskuineko alderdiak izan ezik.

Hala ere, ordezkari gehien dituen M5S alderdiak itxarotea erabaki du haren behin betiko programa ezagutu arte.

Matteo Salviniren La Lega alderdiak ere ekonomialariaren gobernuari babesa adierazi dio, nahiz eta M5S alderdiak eta Alderdi Demokratak (PD) uko egin dioten alderdi ultraeskuindarra Gobernuan sartzeari.

Momentuz, baldintzarik gabeko babesa eskaini dio Salviniren alderdiak, nahiz eta austeritatea eta Europako immigrazio politikak arbuiatuko dituen.

Halaber, Silvio Berlusconi agertu da berriz ere politikan, berak sortu zuen Forza Italia alderdiak Draghiren kabinete berriari emandako babesa irudikatzeko baino ez bada ere.

Elkarrizketa aldeaniztunak

Bien bitartean, gobernua osatzeko negoziatzen ari da Mario Draghi.

Hainbat eskualdetako alkate eta presidenteekin bilduko da datozen orduetan, baita Bankarien Elkartearekin, sindikatu nagusiekin eta patronalarekin ere.

Gainera, merkatarien eta nekazarien elkarteekin eta herrialdeko erakunde ekologista garrantzitsuenekin ere batzartuko da.

M5S alderdiaren zalantzak argitzearren, Trantsizio Ekologikoko Ministerioa sortzeko asmoa omen du Draghik, alderdi horren eskaeretako bat hori baita.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Europar Batasuna Europa Eguneko albisteak Albisteak Italia Sindikatuak Koronabirusa