Mundua -

KORONABIRUSA

Asteko intzidentzia 60,1 kasura jaitsi da Alemanian

Hala eta guztiz ere, 8.354 positibo berri eta 551 hildako izan ziren atzo. Gobernuaren helburua asteko 35 kasuko intzidentziara jaistea da, murrizketak kentzen hasteko.

Gizon bat Berlinen, paseoan. Argazkia: EFE
Gizon bat Berlinen, paseoan.
Gizon bat Berlinen, paseoan. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19aren intzidentzia metatuak behera egiten jarraitzen du Alemanian, eta larunbat honetan 100.000 biztanleko 60,1 kasutan geratu da azken zazpi egunak kontuan izanda, aurreko astean izandakoaren erdia (139).

Robert Koch Birologia Institutuak (RKI) emandako datuen arabera, azken 24 orduetan 8.354 positibo berri atzeman dituzte eta 551 pertsona hil dira. Astebete lehenago, 10.485 kutsatu ziren eta 689 hildako izan ziren.

Kutsatze gehien abenduaren 18an izan ziren (33.777 kasu); heriotzak urtarrilaren 14an (1.244 kasu) eta intzidentzia metatu handiena abenduaren 22an izan zen (197,6 positibo 100.000 biztanleko zazpi egunetan).

2.328.447 pertsona kutsatu dira Alemanian pandemia hasi zenetik eta 64.742 pertsona hil dira.

Helburua, 35 kasuko intzidentzia-tasa

Jaitsieran egon arren, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak eta eskualdeetako buruzagiek bizitza publikoaren itxiera martxoaren 7ra arte luzatzea adostu zuten asteazkenean. Azarotik itxita dago ostalaritza, aisialdia eta kultura, eta horrekin batera, abenduan funtsezkoak ez diren saltokiak itxi zituzten. Aurrez aurreko eskolak ere etenda daude abendutik.

Covid-19aren 100.000 biztanleko intzidentzia 35 kasura jaitsiz gero, eta kopuru horretan bi astez egonkotzen dela ikusiz gero, murrizketak pixkanaka-pixkanaka altxatzen hasteko jarraibideak ezarri zituen atzo Merkelek.

Lehentasuna eskola-jarduera presentzialari berrikitea izango da. "Länder" edo estatu federatu bakoitzaren eskumena da hori, baina adostasuna dago otsailaren 22tik aurrera irekitzen hasteko, eskualde bakoitzaren intzidentzia eta egoera epidemiolgikoaren arabera.

Merkelek eta 16 landerretako buruzagiek ile-apaindegiak martxoaren 1ean berriro irekitzea proposatu dute, murrizketak arintzeko lehen urrats gisa. Geroago etorriko lirateke museoak eta arte-galeriak, ondoren saltokiak -ez merkatalgune handiak-, kirol-instalazioak eta ostalaritza.

Hala eta guztiz ere, Merkelek ohartarazi du covid-19aren aldaera berriek zapuztu egin dezaketela azken asteetako bilakaera positiboa. Britainiar, hegoafrikar edo brasildar aldaerak nagusitu egin daitezkeela nabarmendu du, eta beraz, zuhurtzia osoz jokatu behar dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Alemania Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa