Mundua -
Europako Espazio Agentzia
Astronauta postuak eskainiko ditu ESAk, desgaitasun fisikoa duten pertsonentzat baita
Hautaketa prozesuan parte hartzeko bete beharreko baldintzak martxoaren 31n jakinaraziko dituzte, hots, izena emateko epea zabaltzen den egunean. Maiatzaren 28ra arte izango dute horretarako aukera.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Europako Espazio Agentziak (ESA) astronautak aukeratzeko prozesu berri bat aurkeztu du, eta oraingo honetan desgaitasun fisikoren bat duten pertsonek ere izango dute parte hartzeko aukera, parastronautei zuzendutako bideragarritasun proiektu bati esker.
2008an egin zuen astronauten azken aukeraketa ESAk, eta 1978az geroztik hiru deialdi soilik egin ditu.
Hautaketa prozesuan parte hartzeko bete beharreko baldintzak martxoaren 31n jakinaraziko dituzte, hots, izena emateko epea zabaltzen den egunean. Maiatzaren 28ra arteko epea izango dute horretarako hautagaiek. Aurreikusitakoaren arabera, 2022ko urrian argitaratuko dute onartutako astronauten zerrenda.
Alde batetik, karrerako astronautak kontratatuko dituzte, espazioko misio konplexuetarako edo epe luzeko misioetarako. Azken horiek ESAren plantillan sartuko dira. Bestetik, parastronautei zuzendutako egitasmoa abiatuko dute estreinakoz. Horrek helburu du desgaitasun fisikoren bat duten pertsonek ere misioetan parte hartzeko aukera izatea.
Kasu horretan, psikologikoki, kognitiboki, teknikoki eta profesionalki astronauta izateko gai diren pertsonak nahi dituzte.