Mundua -
KORONABIRUSA
Maiatzaren amaierarako AEBko heldu guztiak txertatuko dituztela agindu du Bidenek
Gerra garaiko lege bat baliatuko du txertoen ekoizpena bermatzeko. Horrela, lehiakide diren bi enpresak elkarlanean jardungo dute txertoen ekoizpena handitzeko.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak maiatzaren amaierarako herrialdeko heldu guztiak txertatuta izango direla agindu du, hasieran iragarri baino bi hilabete lehenago, alegia.
Etxe Zurian egindako agerraldian presidente estatubatuarrak baieztatu duenez, bide onean daude "maiatzaren amaieran heldu guztientzako nahikoa txerto izateko". Otsailean uztailaren amaiera aipatu zuen.
Bidenek gerra garaiko lege bat erabiliko du txertoen ekoizpen masiboa bermatzeko. Horrela, Merck eta Johnson & Johnson enpresa lehiakideak elkarlanean arituko dira dosi gehiago ekoiztu ahal izateko.
Akordioaren arabera, Merck botika etxeak Johnson & Johnson multinazionalaren txertoa ekoitziko du bere lantegietako bitan. Johnson & Johnsonen txertoak iragan asteburuan jaso zuen Ameriketako Estatu Batuetako Elikagaien eta Sendagaien Administrazioaren baimena.
Jen Psaki Etxe Zuriko bozeramaileak prentsaurrekoan adierazi duenez, akordio hori "historikoa da, aurrekaririk gabea, normalean lehiakide diren bi enpresak bat egiten baitute txertatzeko gaitasuna handitzeko".
Ameriketako Estatu Batuetan 76,9 milioi pertsonari jarri diete txertoa, biztanleen % 15i.
Bien bitartean, Texasko gobernadore errepublikanoak maskara eramateko agindua altxatu du. Debekua kentzen duen herrialdeko lehen estatu handia da. Texas estatu populatuenen artean bigarrena da, 30 milioi herritar baititu, eta hirugarrena da pandemiaren ondorioz hildakoen kopuruari dagokionez, 40.000 pertsona baino gehiago hil baitira bertan.