Mundua -

BRASIL

Lula: '500 urteko historian kontatutako gezur juridiko handienaren biktima izan naiz'

Bere aurkako espetxe-zigor guztiak bertan behera gelditu ostean, jendaurreko agerraldia egin du Brasilgo presidente ohiak. Dena den, ez du argitu 2022ko hauteskundeetara aurkeztuko den ala ez.

Lula da Silva, Brasilgo presidente ohia. Argazkia: EFE
Lula da Silva, Brasilgo presidente ohia
Lula da Silva, Brasilgo presidente ohia. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lula da Silva Brasilgo presidente ohiak "500 urteko historian kontatutako gezur juridiko handienaren biktima" izan dela salatu du bart, aste honetan Auzitegi Goreneko epaile batek presidente ohiaren aurkako kartzela zigor guztiak bertan behera utzi ostean.

"Konfiantzaz nengoen, jakin banekien Brasilen zer gertatzen ari zen eta ziur nengoen egun hau iritsiko zela. Eta iritsi da", esan zuen Lulak Sao Paulon, Metalgintzako Langileen Sindikatuaren egoitzan egin zuen agerraldian.

Asteon, Edson Fachin Brasilgo Auzitegi Goreneko epaileak bertan behera utzi ditu Lula da Silva presidente ohiaren aurkako espetxe-zigor guztiak, eta orain auzitegi federalek epaitu beharko dute.

"Eskerrak eman nahi dizkiot Fachin epaileari, 2016tik aldarrikatzen genuen gauza bat bete duelako", baina "erabakia bost urte berandu" heldu da.

Ez du argitu 2022ko hauteskundeetara aurkeztuko den

2022an presidentea aukeratzeko egingo diren hauteskundeetara aurkeztuko ote den galdetuta, "aurrerago" aztertu beharreko kontua dela esan du Lula da Silvak.

Lularen esanetan, ezkerreko fronte zabal bat osatu behar den edo Langileen Alderdiak bere hautagaia aurkeztu behar ote duen argitu behar da. 

Bolsonaroren "erabaki ergelei" kasurik ez egiteko eskatu du Lulak

Jair Bolsonaro Brasilgo egungo presidentea hizpide, besteak beste, pandemiaren inguruan kudeaketa txarra egin izana aurpegiratu dio. Ildo horretan, "Eduardo Pazuello presidentearen edo Osasun ministroaren erabaki ergelei kasurik ez" egiteko eskatu du.

"Nik txertoa jasoko dut. Ez kasurik egin Errepublikako presidentearen edo Osasun ministroaren erabaki ergelei. Txertoa da covid-19tik libratu zaitzakeen gauzetako bat", esan du Lulak, baina txertoa hartuta ere, prebentzio neurriak betetzen jarraitu behar dela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gaurko albiste garrantzitsuak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Brasil albisteak Latinoamerikako azken ordukoa