Mundua -

ALEMANIA

Merkelen CDU alderdiak porrot gogorra jaso du eskualdeko hauteskundeetan

Berdeak nagusitu dira Baden-Württembergen eta sozialdemokratak, ostera, Renania-Palatinatuan. Sei hilabete barru egingo dituzte hauteskunde federalak Alemanian eta Merkel ez da hautagai izango.

Susanne Eisenmann CDUko hautagaia Baden-Wurttenberg landerrean. Argazkia: EFE
Susanne Eisenmann CDUko hautagaia Baden-Wurttenberg eskualdean
Susanne Eisenmann CDUko hautagaia Baden-Wurttenberg landerrean. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alemanian, Angela Merkel kantzillerraren CDU alderdiak bi porrot gogor jasan ditu asteburuan, Renania-Palatinatua eta Baden-Württemberg landerretan egindako hauteskundeetan. Irailean egingo dituzte hauteskunde federalak Alemanian, eta Angela Merkel ez da hautagai izango.

Berdeak izan dira alderdi bozkatuena Baden-Württemberg eskualdean, botoen % 32,8 eskuratuta. Renania-Palatinatuan, ostera, SPD Alderdi Sozialdemokrata nagusitu da, botoen % 35,7rekin.

CDU alderdia, ostera, irabazleengandik oso urrun gelditu da. Baden-Württemberg eskualdean botoen % 23,6 lortu du eta Renania-Palatinatuan, berriz, % 26,5. Bi landerretan inoiz lorturiko emaitzarik txarrenak dira. Merkelen ondorengo arorako lider sendorik gabe, eta ustelkeria kasuek eta pandemiaren kudeaketak ahulduta iritsiko da iraileko hauteskundeetara.

AfD eskuin muturreko alderdiak nabarmen egin du behera bi eskualdeetan. Baden-Württembergen botoen % 10,1 bereganatu du eta Renania-Palatinatua, % 8,3.

Hauteskunde federalak irailean

CDUk eta CSU Batasun Kristau Demokratikoak iraileko hauteskunde federaletarako hautagaitza bateratua adostu behar dute oraindik. Barne borroka zabalik dago Armin Laschet CDUko liderraren eta Markus Söder CSUko buruzagiaren artean.

Ustelkeria kasuak bata bestearen atzetik lehertzen ari dira CDUren baitan.

Dena dela, pandemiaren kudeaketa eta txertaketa kanpainaren geldotasuna aurpegiratzen diote alemaniarrek gobernuari. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Mundua berriak Alemania Angela Merkel bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Alemaniako hauteskundeak Hauteskundeak gaur