Mundua -
AEB eta Turkia
Bidenek “genozidiotzat” jo du I. Mundu Gerrako armeniarren kontrako sarraskia
Turkiak azkar erantzun du eta adierazpena “hanka sartze handia” izan dela azaldu ere.
EITB Media | Agentziak
Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak “genozidiotzat” jo du gaur herri armeniarrak I. Mundu Gerran Otomandar Inperioaren eskutik pairatutako sarraskia. Hitzek oihartzun berezia izan dute, AEBetako presidenteek ez dutelako halako adierazpenik egin azken 40 urteetan.
Gainera, Turkiako Gobernuak beti ukatu izan du 1915 eta 1916 bitartean 100.500.000 armeniar ingururen erailketa genozidioa izan zenik.
Bere aldetik, Bidenek adierazi du armeniarren “historia ohoratzen dutela”, baita “mina” ere. “Haien historia berresten dugu. Ez dugu errurik banatu nahi, baina ziurtatu behar dugu gertatutakoa ez dela errepikatuko”, gaineratu du presidenteak.
Joe Biden, Delawarera iritsi berritan. Argazkia: EFE
Hitzok Recep Tayyip Erdogan presidente turkiarrarekin lehendabizikoz telefonoz hitz egin eta egun batera esan ditu Joe Bidenek. Bezperan, Bidenek berak abisatu zuen elkarrizketa gauzatuko zela eta “genozidio” hitza aipatu zuen dagoeneko.
Erdoganek, bere aldetik, jakinarazi zuen “armeniarren genozidioaren gezurraren” aurrean eta “kalumnia hori helburu politikoekin defendatzen dutenen aurrean” egiazko bertsioa aldezten jarraituko dutela.
Turkiak erantzun, Biden oportunistatzat joaz
Turkiako Gobernuaren erantzuna berehalakoa izan da eta Bidenen adierazpenak “populismo ariketa baten eta oportunismo politikoa”ren emaitza direla salatu dute. “Berbek ezin dute historia aldatu, ezta berridatzi ere”, azpimarratu du Mevlut Cavusoglu Atzerri ministroak.