Mundua -
Brexita
EBren eta Erresuma Batuaren arteko merkataritza akordioa berretsi du Euroganberak
Horrela, amaitu dira Londresen eta Bruselaren artean lau urtez izan diren negoziaketak.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Europako Parlamentuaren osoko bilkurak formalki onartu du Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko harreman berriaren oinarriak ezartzen dituen merkataritza eta lankidetza akordioa.
"Erresuma Batuak Europar Batasuna uzteko erabakia hartu duen arren, lotura sakonak eta iraunkorrak, balioak, historia eta hurbiltasun geografikoa partekatzen jarraitzen dugu. Guztioi interesatzen zaigu harreman berri honek ondo funtzionatzea", esan du David Sassoli Euroganberako presidenteak astearte honetako bozketaren ostean.
Aldeko 660 boto, kontrako 5 eta 32 abstentzio jaso ditu akordioak. 2020ko abenduaren 24an, Europar Batasuneko eta Erresuma Batuko negoziatzaileek Merkataritza eta Lankidetzarako Akordioa sinatu zuten, etorkizuneko aldebiko lankidetzaren arauak ezartze aldera.
Baina bat-bateko aldaketa baten ondorioak gutxitzeko asmoz, akordioa behin-behinean aplikatu da urtarrilaren 1etik aurrera. Orain, trantsizio-epea apirilaren 30ean amaitu baino lehen, osoko bilkurak akordioa formalki indarrean sartzeko oniritzia eman du.
Mesfidantza
Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko hausturaren ostean, akordioa kaosa saihesteko eta harreman justu eta orekatua bermatzeko legezko tresnarik onena dela iritzita onartu dute ituna.
Eurodiputatuek, ordea, azken unera arte itxaron dute bozketa egiteko (aste honetan utziko diote akordioa behin-behinean aplikatzeari), Gobernu britainiarrak mesfidantza sortzen baitie, Erretiratzeko Tratatuko xedapenak urratu dituelako.
Britainia Handitik Ipar Irlandara doazen merkantziei apiriletik aurrera aplikatu beharreko aduana-kontrola urrira arte atzeratzea erabaki zuen Boris Johnsonen gobernuak, hitzarmenean adostutakoari muzin eginez.
Hori dela eta, Europako Ganberako talde politikoek ontzat eman dute ituna, baina ohartarazi dute gertutik jarraituko dituztela ematen dituzten pausoak.
"Berrespena garrantzitsua da, bi aldeek betetzen dutela bermatzeko tresnak emango dizkigulako, baita behar ditugunean irtenbide pragmatikoak emango dituelako ere", nabarmendu du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak asteartean, bozketa egin baino ordu batzuk lehenago, eurodiputatuekin izandako eztabaidan.