Publizitatea
Itxi

2021/04/28

18:44

Mundua

Txertoei buruzko ikerketa

Pfizerren eta AstraZenecaren dosi bakarrarekin infekzioak % 65 murriztu dira

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Erresuma Batuan egindako ikerketaren arabera, lehendabiziko dosia hartu eta 21 egunetara, positibo berriak % 65 murriztu dira herrialde horretan.

  • AstraZenecaren txertaketa kanpaina Donostian.

    AstraZenecaren txertaketa kanpaina Donostian. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Pfizer-BioNTech eta AstraZeneca txertoen eraginkortasunari buruzko bi ikerketa egin dituzte Oxfordeko Unibertsitateak, Erresuma Batuko Gobernuak eta Estatistika Bulegoak elkarlanean.

Lehendabiziko analisiak erakutsi du bi txerto horien dosi bakarra hartu eta 21 egunetara kasu positiboak % 65 murriztu direla. Zehazki, beherakada % 72koa izan da positibo sintomatikoen artean, eta % 57koa asintomatikoei dagokienez.  

Halaber, bigarren dosia hartu ostean, positibo berrien jaitsiera % 70ekoa da asintomatikoen kasuan eta % 90ekoa sintomatikoen artean. Onurak antzekoak dira adin talde guztietan, eta txertoak eraginkorrak dira andui britainiarraren aldaera ezberdinen aurrean.     

Ikerketa honetan 373.402 pertsonak hartu dute parte eta, guztira, 1.610.562 lagin aztertu dituzte, 2020eko abenduaren 1etik 2021eko apirilaren 3ra bitartean.

Bigarren ikerketan AstraZenecaren eta Pfizer-BioNTech txertoen dosi bakarrarekin zenbat antigorputz sortzen diren aztertu dute.

Batak eta besteak eragiten dituzten erantzun immunologikoak pixka bat ezberdinak badira ere, bi txertoek ahalmen bera dute infekzioak murrizterakoan.  

Aurrez covid-19arekin kutsatuta egon direnen kasuan, pertsona nagusiek, batez ere 60 urtetik gorakoek, antigorputz gutxiago sortzen dituzte dosi bakarra hartuta.

Halaber, AstraZenecaren lehenengo dosiarekin antigorputzak astiroago eta gutxiago sortzen dira. Alabaina, Pfizer-BioNTech txertoaren dosiarekin sortutako antigorputzak azkarrago desagertzen dira. Beraz, bi kasuetan antzeko maila bera lortzen da dosi bakarra hartuta.

 

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena