Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Armen kontrola gogortzeko eta Poliziaren erreforma egiteko babesa eskatu du Bidenek

Presidente estatubatuarrak kutsu sozialeko programa defendatu du Kongresuko bi ganberen aurrean egin duen hitzaldian. Halaber, enpresa handiei eta fortuna handiei zergak igotzea proposatu du.

Joe Biden AEBko presidentea, Kamala Harris eta Nancy Pelosi atzean dituela. Argazkia: EFE
Joe Biden AEBko presidentea, Kamala Harris eta Nancy Pelosi atzean dituela
Aberatsenek ordainduko dute Bidenen egitasmo soziala

1:19

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak babesa eskatu dio asteazken honetan Alderdi Errepublikanoari, armen kontrola gogortzeko eta Poliziaren erreformaren proiektua maiatzean onartu ahal izateko, George Floyd afroamerikarraren hilketaren lehen urteurrenarekin bat eginez.

"Ez dut beligerantea izan nahi, baina errepublikano gehiagok demokratekin bat egitea behar dugu legeak dituen hutsuneak konpontzeko eta arma bat erosi aurretik aurrekariak egiaztatzea beharrezkoa izatea lortzeko", esan du Joe Bidenek Kongresuko bi ganberen aurrean egin duen lehen hitzaldian.

Agintari estatubatuarraren esanetan, armen arazoa ez litzateke alderdiek beren interesaren arabera erabiltzen duten gaia izan behar.

Poliziaren erreforma onartzeko deia ere egin du: "Nazioak erreforma hau babesten du. Kongresuak esku hartu behar du".

Agintean 100 egun betetzear dela lehen hitzaldia eskaini du Kongresuko bi ganberen aurrean. AEB "bueltan" dela eta berriro ere "martxan" dagoela aldarrikatu du. Halaber, babesa eskatu die errepublikanoei bere plan ekonomiko eta sozialak onartzeko; izan ere, horien babesa ezinbestekoa du egitasmo asko aurrera ateratzeko.

Egoera zaurgarrienean dauden familia eta herritarrei laguntzeko 1,8 bilioi dolarreko plana iragarri du. Horrez gain, lau urte luzatu nahi du doako hezkuntza eta 12 asteko amatasun eta aitatasun baimen ordainduak ezarri nahi ditu.

Hori guztia finantzatzeko, enpresa handiei eta fortuna handiei zergak igotzea proposatu du. Haren hitzetan, bada garaia "korporazio handiek eta herrialdeko aberatsenek (% 1) zerga bidez dagokiena ordain dezaten".

Bestalde, koronabirusaren aurkako txertoaren inguruan dituzten zalantzak uxatzeko eta lehenbailehen txertoa hartzeko eskatu die estatubatuarrei: "Ziztada bakoitza itxaropenerako dosi bat da".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Gaurko titularrak Albisteak Biden azken ordukoa