Mundua -
ISRAEL
Gutxienez 45 pertsona hil dira Israelen juduen jaialdi batean izandako izu-ihesean
Antza denez, harmailetako eskailera estuetan gertatu da ezbeharra. Lag Baomer judu ultraortodoxoen jaia ospatzen ari ziren.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Gutxienez 45 pertsona hil eta 150 inguru zauritu dira ostegun honetan Israelen, jende pilaketa batean. Meron mendian Lag Baomer judu ultraortodoxoen jaia ospatzen ari zirela izu-ihesa gertatu da, eta itota eta zapalduta hil dira.
Israelgo Osasun Ministerioak 45 heriotza baieztatu ditu. Daviden Izar Gorria Israelgo larrialdietarako zerbitzuak zabaldu duenez, 38 pertsona bertan hil dira.
150 pertsona baino gehiago zauritu dira eta asko egoera kritikoan daude, larrialdi zerbitzuen arabera.
Erreskate zerbitzuen esanetan, jendetza elkartu da eta jende pilaketa larriak eragin du ezbeharra. Zenbait hedabidek azaldu dutenez, harmailetako eskailera estu batzuetan hasi da dena.
Milaka lagun elkartu dira Lag Baomerren eguna ospatzeko, eta tragedia gertatu aurretik sare sozialetan zabaldutako bideoetan, jendea kantuan, dantzan eta saltoka ikusten zen.
Pandemia hasi zenetik Israelen egindako ekitaldi jendetsuena izan da. Kalkuluen arabera, 100.000 pertsona inguru batu dira.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak "ezbehar beldurgarria" izan dela azpimarratu du. Israelgo Poliziak, bere aldetik, ikerketa abiatu du gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko.
Avichai Mandelblit Israelgo fiskal nagusiak iragarri duenez, Justizia Ministerioak ikerketa hasiko du arduragabekeriaren bat egon ote den zehazteko.
Europar Batasunak (EB) "doluminak" eman dizkie Israel osoari eta hildakoen senideei. Halaber, azkar sendatzea opatu die zaurituei.