Mundua -
ISRAEL
Juana Ruiz langile humanitarioak atxilotuta jarraituko du Israelen
Apirilaren 13tik atxilotuta dago, eta osteguneko saioan haren aurkako kargu formalak aurkeztea erabaki du Israelgo gorte militarrak. Ordura arte atxilotuta jarraituko duela ere erabaki dute.
EITB MEDIA | AGENCIAS
Israelgo gorte militar batek Juana Ruiz Sanchez apirilaren 13an atxilotu zuten langile humanitarioak atxilotuta jarraituko duela erabaki du, osteguneko saioan haren kontrako kargu formalak aurkeztu arte, bere abokatuak berri agentziei baieztatu dienez.
Fiskal militarrak zenbait egun eskatu zizkion epaileari osteguneko inputazioa zehazteko.
Ruiz Sanchezek 62 urte ditu, Zisjordania okupatuan bizi da eta palestinar kristau batekin ezkonduta dago. Duela hamarkada batzuetatik, Osasunerako Lan Batzordeen proiektuen koordinatzaile gisa lan egiten du. GKE palestinar horrek laguntza ematen die herritarrei osasunaren eta garapenaren arloan, eta, aldi berean, haien eskubideen alde borrokatzen da.
Atxilotu zutenetik ez dute kargu formalik aurkeztu. Izan ere, Israelgo lege militarraren arabera, 75 egunera arte manten dezakete pertsona bat atxilotuta, galdekatzeko.
Israelek, AEBek eta Europar Batasunak terroristatzat jotzen duten Palestina Askatzeko Fronte Popularra (FPLP) finantzatzen lagundu zuela uste du Israelgo Armadak, dirua garbitzeko balio izan zuen plan batean susmagarri gisa.
"Juana beste edozein atxilotu palestinar bezala tratatzen ari dira, agindu militar baten pean, espainiar herritarra izan arren", adierazi du Sahar Francis Zisjordaniako familiaren bozeramaile eta preso palestinarren eskubideak defendatzen dituen Addameer gobernuz kanpoko erakundeko zuzendariak.
Juana askatzeko kanpaina handia egin da azken egunotan Espainian eta hainbat politikarik zein giza eskubideen aldeko erakundek parte hartu dute. Asteartean, Arancha Gonzalez Laya Espainiako Atzerri ministroak esan zuenez, auziaren ikerketa laster amaitzea espero zuen, eta langile humanitarioak zehatz-mehatz jakitea zer leporatzen dioten, "zerbait leporatzen badiote".
Juana Ruiz 2006an, ETB2ko El Punto saioan elkarrizketatu zutenean.