Mundua -
Migrazioa
917 pertsona migratzaile heldu dira Lampedusara azken orduetan
Ontzirik handiena 398 pertsona zeraman arrantzontzia da. Aurten, 11.000 pertsona migratzailetik gora iritsi dira Italiako itsasbazterretara.
EITB Media | Agentziak
917 pertsona migratzaile zeramatzaten hainbat ontzi heldu dira, larunbat gauean hasi eta igande goizera arte, Lampedusa uharte italiarrera.
Azkena 398 pertsona (24 emakume eta 6 ume tarteko) zeraman arrantzontzia izan da. Ontzira gerturatu da Portuko Kapitaintza eta Favaroloko kairaino lagundu du.
Goizeko lehen orduan heldu da Bangladeshetik zetorren beste ontzi bat, 98 pertsona migratzailerekin. Aldi berean, 16 gizon tunisiar irla italiarrera heldu dira ontzi txiki batean.
Gainera, 325 pertsona zeraman egurrezko gabarra bat geldiarazi dute kostazainek gauean, Lampedusatik 8 miliara. Irla bereko uretan, portutik 5 miliara, beste barku txiki bat topatu dute, hainbat herrialdetako 90 pertsona (83 gizon eta 6 emakume) migratzaile zeramala.
Koronabirusa detektatzeko proba egin die migratzaileei eta Lampedusako arrera zentrora eraman dituzte, bertan soilik 200 lagunentzako tokia dagoen arren.
Egun ez dago salbamendu humanitarioko ontzirik Erdialdeko Mediterraneoan, baina Sea Eye GKE alemaniarraren Alan Kurdi datozen orduetan bertaratuko dela jakinarazi dute.
Aurten 11.000 pertsona migratzaile iritsi dira Italiako kostetara, iaz urte hasieratik maiatzera arte heldu zirenen hirukoitza.