Mundua -
MIGRAZIOA
330 migratzaile inguru erreskatatu dituzte asteburuan Mediterraneoan
'Sea-Eye 4' ontziak bost operazio egin ditu azken orduetan Mediterraneo erdialdean, eta tripulazioak "bere indarren mugan" diharduela adierazi du erakundeak.
o.p. | eitb media
Sea Eye GKE alemaniarren 'Sea-Eye 4' ontziak 330 pertsona inguru erreskatatu ditu Mediterraneoan, asteburuan egin dituen hainbat operaziotan, besteak beste, igande gauekoan 100 lagun inguru erreskatatu dituzte.
Erakundeak Twitter sare sozialean duen kontuaren bidez nabarmendu duenez, "Sea-Eye 4ko tripulazioa bere indarren mugan ari da lanean". Igande gauean erreskatatutako 99 migratzaileetako gehienak siriarrak direla nabarmendu dute eta une honetan, 330 pertsona inguru daude erreskate-ontzian.
Aurretik, erakundeak 50 migratzaile erreskatatu zituen igandean zehar egindako hiru operaziotan, eta larunbatean, aldiz, 172 pertsona erreskatatu zituzten inguru bertsuan.
Aurreko asteburuan Lanpedusa irla italiarrera 2000 migratzaile inguru iritsi ziren 48 ordu baino gutxiagotan.
Urtea hasi zenetik 13.131 migratzaile iritsi dira Italiako kostara; joan den urtean, denbora tarte berean 4237 izan ziren, Italiako Barne Ministerioaren arabera.
Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen (OIM) arabera, 660 migratzaile eta errefuxiatu baino gehiago hil dira aurten Mediterraneo itsasoa zeharkatu eta Europako kostaldera iritsi nahian. Biktima gehienak Mediterraneo erdialdean izan dira, eta 550 pertsona baino gehiago hil dira.