Mundua -
ESPIOITZA
Danimarkak AEBko Agentzia Nazionalari lagundu zion Angela Merkel zelatatzeko
Europako hainbat hedabidek zabaldutako informazioaren arabera, NSA AEBko Segurtasun Nazionaleko Agentziak Alemaniako, Frantziako, Suediako eta Norvegiako politikariak zelatatu zituen 2012tik 2014ra.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Danimarkak Ameriketako Estatu Batuetako NSA Segurtasun Nazionaleko Agentziari lagundu zion Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Europako beste goi-kargudun batzuk espiatzeko 2012 eta 2014 bitartean.
Danmarks Radio Danimarkako hedabideak Europako beste hedabide batzuekin elkarlanean erreportaje bat plazaratu du igande honetan, eta, horren arabera, NSAk Alemaniako, Frantziako, Suediako eta Norvegiako goi-kargudunen telefono elkarrizketak entzun eta SMS mezuak irakurri ahal izan zituen Danimarkako telekomunikazio kableen bidez.
Edward Snowdenek filtratutako agiriak tarteko, gauza jakina zen AEBk Europako politikari batzuk zelatatu zituela, baina atzora arte ezezaguna zen horretarako Danimarkaren laguntza izan zuela.
Albistea ezagutu ondotik, Edward Snowdenek Joe Biden AEBko presidenteari auzian nahasita egotea leporatu dio garai hartan AEBko presidenteordea baitzen.
Angela Merkelen gobernuak ez du oraingoz adierazpen ofizialik egin. Zelatatua izan zen Peer Steinbrück Alemaniako Finantza ministro ohiaren iritzian, berriz, gertatutakoa "eskandalu politikoa" da.