Publizitatea
Itxi

2021/06/24

12:24

Mundua

Epaiketa

Britney Spearsek aita seinalatu eta haren gehiegizko tutoretza kentzeko eskatu du

Berezi Fernandez | EITB Media

39 urteko abeslariak 13 urte daramatza aitaren tutoretzapean, eta esperientzia bahiketa gisa definitu epailearen aurrean.

  • Britney Spearsen aldeko manifestazioa

    Britney Spearsen aldeko manifestazioa. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Britney Spearsek aitaren tutoretza legala bertan behera uzteko eskatu du Los Angelesko (Kalifornia) epaitegi batean. 13 urte daramatza artistak Jamie Spears aitaren tutoretzapean, eta haren kontrola gehiegizkoa eta zentzugabea dela salatu du. Gainetik, bere egoeraz probetxua atera dutenek kartzelan egon beharko luketela esan du.

2008an eman zioten alabaren tutoretza Jamie Spearsi, abeslariaren arazo psikologikoak tarteko. Asteazken honetan Britney Spearsek telefonoz deklaratu du AEBko epaitegi batean, 13 urte hauetan bahituta egon dela salatuz.

Spearsek ez du salaketarik jarri orain arte, 2019an epaileak ezarritako neurriekin ados ez zegoela jakinarazi zuen arren.

"Tutoretza honek pertsona askoren soldata ordaintzen du. Gogaituta nago", adierazi du musikariak, Los Angelesko epailearen aurrean. Gainera, lo egiteko arazoak dituela eta "drogatuta" sentitu izan dela esan du bistan.

Alde batetik, Spearsek salatu du aitak etekin ekonomikoa atera duela epaileak emandako boteretik. Hala, gogorarazi du aitaren tutoretzapean —epaileak erabaki propioak hartzeko gai ez zela erabakita— behartu egin zutela Las Vegasen (Nevada) ikuskizun bat egitera.

Bestetik, komunikabideekin zuen hartu-emana eta bere finantzen kontrola ukatzeaz gain, harreman sozialak eta afektiboak guztiz mugatu dizkiotela esan du musikariak. Adibide zehatza erabili du gehiegizko kontrola epaileari azaltzeko: aspalditik jarrita duen UBGa (umetoki barneko gailua) kendu nahi du eta familiak ez dio uzten.

Azkenik, Britney Spearsek iragarri du familiari salaketa jarri nahi diola, bere bizitzaren kontrola berreskuratzeko eta gertatutakoaren egia kontatzeko.

Jamie Spearsen abokatuek ez dute adierazpenik egin, abeslariaren "pribatutasuna bermatu" nahi dutelako, eta haren osasunaren xehetasunik eman nahi ez dutelako.

#FreeBritney mugimendua

Artistak deklaratzen zuen bitartean, hainbat lagun bildu dira auzitegiaren atarian, #FreeBritney (Britney askatu) lelopean. Hitz horiek presentzia nabarmena izan dute sare sozialetan azkenaldian, eta musikariaren zaleek urteak daramatzate haren egoera salatzen.

Spearsen aldeko mugimenduak indar berezia hartu zuen Framing Britney (Britney ezagutzen) dokumentala emititu ostean. Bertan, komunikabideek, enpresek eta familiak Britneyri egin izan dioten jazarpena salatu du The New York Timesek.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;