Mundua -

Istiluak

72 dira dagoeneko Hegoafrikako istiluetan hildakoak

Jacob Zuma presidente ohiaren espetxeratzeak hainbat istilu eta arpilatze sortu ditu. Agintariek egoera "kaotikoa" dela onartu dute, eta herritarrei dei egin diete indarkeria eragozteko.

Polizia Zumaren jarraitzailei aurre egiten. Argazkia: EFE.
Polizia Zumaren jarraitzailei aurre egiten. Argazkia: EFE.
Dagoeneko 72 pertsona hil dira Zumaren espetxeratzearen aurkako protestetan

1:58

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jacob Zuma Hegoafrikako presidente ohiaren espetxeratzearen harira sortutako istilu eta arpilatze masiboen ondorioz 72 pertsona hil eta 1.234 pertsona atxilotu dituzte dagoeneko. Egoera horren aurrean, Poliziak eta armadak indarrak batu behar izan dituzte kaltetutako eremuak egonkortzen saiatzeko.

Istilu larrienak bi eskualdeetan izan dira: KwaZulu-Natal ekialdeko probintzian, eta Gauten probintzian, Afrikako nazio garatuena izateaz gain, herrialdearen bihotz politiko eta ekonomikoa dena. Azken probintzia horretan kokatzen dira, hain zuzen ere, Johannesburgo eta Pretoria.

Istiluak joan den ostiralean hasi ziren KwaZulu-Natalean. Jacob Zuma presidente ohiari 15 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten, ustelkeriagatik deklaratzeari behin eta berriz uko egiteagatik.

Armadaren laguntza

Hegoafrikako Poliziak jakinarazitako azken datuen arabera 72 dira orain arte hildakoak. Istiluak kontrolatzen saiatze aldera, gainera, Armadak 2.500 soldadu bidali ditu Poliziari laguntzeko.

Zentzu horretan, Hegoafrikako agintariek komunitateei eta lider sozialei dei egin diete herritarrak antolatu eta arpilatzeak eta indarkeria eragozteko.

Istiluak edonon

Presidente ohiak asteazkeneko azken orduan entregatu poliziari. Behin eta berriz aldarrikatu zuen jazarpen politiko-judizial baten biktima izaten ari zela eta espetxe zigorra "heriotza epaia" izango zela berarentzat.

Testuinguru horretan eta Zumari babesa erakusteko asmotan, bere jarraitzaileak errepideak moztera irten ziren kalera. Hurrengo egunetan protestak herrialde guztira hedatu ziren, batez ere Johannesburgora.

Astebururako istilu bolada kaotikoa bihurtu ziren, baina mobilizazioek aurretik zeuden arazoekin ere badute lotura: muturreko desberdintasunekin, kriminalitate-maila handiekin eta covid-19aren pandemiarekin.

Presidenteak ohartarazi duenez, egoera kaotikoak herrialdearen elikadura eta osasun segurtasunean eragina izango du, eta, gainera, ekonomia suspertzeko eta koronabirusaren aurkako txertaketa planak aurrera egiteko oztopoa bihurtuko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako albisteak Nazioarteko albisteak 2024 Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Protestak gaur