Mundua -
Uholdeak
200 pertsona baino gehiago hil dira Alemanian eta Belgikan izandako uholdeetan
Alemania mendebaldean 163 lagun hil dira eta Belgika hegoaldean 36. Agintariek ohartarazi dute litekeena dela biktimen kopuruak gora egitea datozen orduetan.
Agentziak | EITB Media
Orain arteko datuen arabera, 202 pertsona hil dira Alemania mendebaldean eta Belgika hegoaldean euriteek eragindako uholdeen ondorioz.
Alemaniako Poliziaren esanetan, 163 pertsona hil dira Ipar Renania-Westfalia eta Renania-Palatinatua estatu federatuetan. Gainera, 700 zauritutik gora zenbatu dituzte.
Babes Zibileko taldeak, suhiltzaileak eta armadako kideak lanean ari dira dikeak eta gainezka egin duten ibaien bazterrak egonkortzeko, batez ere Ahr ibaiaren inguruetan.
Argindarrik gabe daude eremu askotan, baita edateko urik gabe ere, eta tren-zerbitzua ere ez da normalizatu, 80 geltoki urpean geratu baitira.
Bavarian, hegoaldean, eta Saxonian, ekialdean, tentsioa baretu egin da, ibaiek gainezka egiteko eta luiziak izateko arriskua desagertu ahala.
Danubio ibaiak, Bavariako Passau hiriaren parean, 8,18 metroko maila harrapatu du, 8,5 metroko errekor historikotik oso gertu.
Larunbatean eta igandean, Bavaria Garaiko zenbait herri ebakuatu zituzten, eskualdean turismorako dauden zentroak barne.
Bestalde, uholdeen ondorioz Belgikan hildakoak 36 direla baieztatu du Chaudfontaine (Lieja) udalerriko alkateak.
Orain arte emandako datuak horiek badira ere, agintariek ohartarazi dute litekeena dela biktimen kopuruak gora egitea datozen orduetan.