Mundua -

Grezia

Atenasko hiru auzo hustu dituzte sute baten ondorioz

46 ºC-tik gorako tenperaturak eta haizearen norabide aldaketa etengabeak suhiltzaileen lanak zailtzen ari dira.

Hiritar bat garren aurka borrokan. Argazkia: EFE.
Hiritar bat garren aurka borrokan.
Hiritar bat garren aurka borrokan. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atenasko hiru auzo hustu behar izan dituzte astearte honetan sute handi baten ondorioz, hainbat eraikin, ibilgailu eta merkataritza establezimendu erre ostean. Halaber, garrek aldaketak eragin dituzte Greziako hiriburuaren garraio sarean eta elektrizitate horniduran, herrialdeak azken hamarkadetako bero-boladarik larriena bizi baitu.

Oraingoz biktimen inguruko daturik ez dagoen arren, bertako hedabideek jakinarazi dutenez eraikinetan harrapatuta geratu diren herritarrek hainbat dei egin dizkiete Poliziari, bai eta erreskate lanetan zebiltzan hainbat agentek eta suhiltzailek ere, pertsona batzuei ibilgailuetatik ateratzen laguntzen saiatzen ari zirela.

Agintariek autobidea itxi dute ordu batzuetan, eta hiriburua eta herrialdearen iparraldea lotzen dituzten hainbat tren linea bertan behera utzi dituzte.

Sua eguerdian hasi da Tatoi jauregitik gertu, Atenasen. Etxeetara hurbildu ahala, Babes Zibilak bertatik alde egiteko eskatu zien bizilagunei. Beste barruti batzuetan, leihoak eta tximiniak ixteko gomendatu dute, kea sar ez dadin.

350 suhiltzailek dihardute lanean, 70 ibilgailu, 5 helikoptero, 5 ur-hegazkin eta boluntarioak lagun dituztela. Babes Zibilak jakitera eman duenez, haizearen norabide aldaketa etengabeak sutea itzaltzeko lanak oztopatzen ari dira.

Zaporeak elkartearen salaketa

Zaporeak, Europara iristen diren errefuxiatuei janaria eskaintzen dien irabazi-asmorik gabeko elkarteak, Twitter bidez salatu duenez, "46 ºC-ko tenperaturak izan arren" Gobernua ez da errefuxiatuen guneetako herritarrak babesteko neurriak hartzen ari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Europa Suteak gaur Greziako albisteak Gaurko titularrak Albisteak Sua amatatzeko lanen azken ordukoa