Itxi

2021/08/09

11:56

Mundua

SUTEAK

Turkiak, Greziak eta Italiak suteen aurkako borrokan jarraitzen dute, zazpigarren egunez

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Mediterraneoko herrialdeak egoera larrian daude suteen eraginez. Grezian, 56.000 hektarea baino gehiago kaltetu dira Eubean; Turkian, 157.000 hektarea baino gehiago, eta 6 sute daude aktibo; eta Italian, Siziliako egoera oso kezkagarria da, 50 sute baino gehiago baitituzte bertan.

1:25
Suteak Grezian. Irudia: EITB Media
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Mediterraneoko herrialdeak egoera larrian daude, eta zazpigarren egunez suteen aurkako borrokan jarraitzen dute. Herrialde bakoitzean egoera bat bizi dute, baina guztietan dira nagusi egonezina eta bero-boladak. Grezian, sugarrek 56.000 hektarea baino gehiago erre dituzte Eubea uhartean. Turkian, asteburuan izandako euriteek sute batzuk itzaltzen lagundu dute, baina herrialdeak 6 foku ditu oraindik aktibo. Azkenik, Italiak 50 sute zenbatu ditu Sizilian, eta hurbiltzen ari zaien bero-boladak kezka handia eragin du herrialdean.

Atsedenik ez Grezian

Sei egun suteen artean eman ostean, milaka pertsona ebakuatu dituzte Eubea uharteko iparraldean. Galatsona eta Geraki herrietan, Greziako herririk kaltetuenetarikoetan, herritarrek egin behar izan diete aurre sugarrei gauean zehar.

Baso-Suteen Europar Informaziorako Sistemaren arabera, sugarrek 56.000 hektarea baino gehiago erre dituzte jada, bereziki Eubean.

Turkia, euria eta sua

Asteburuan zehar izandako euriteek uztailaren 28tik izan diren suteak amatatzen lagundu dute Turkian. Hala ere, igandeko haizeak eta tenperatura altuek zaildu egin dute oraindik bizirik dauden suteak itzaltzea.

Momentuz, azken egunetan izandako 223 suteen artean 6 bakarrik daude aktibo. Orain arte, 8 hildako izan dira, eta 157.482 hektarea erre dira.

Bero-bolada Italian

Siziliak larrialdi-egoera ezarri du asteburu osoan zehar izandako suteengatik. Bitartean, Italiako erdialdeak eta iparraldeak alertan jarraitzen dute bero-boladagatik. Asteburuan zehar 50 sute zenbatu dituzte Sizilian. Italiako Babes Zibilaren buruak, Fabrizio Curciok, "instituzioen erabateko arreta eta herritarren kolaborazioa" eskatu ditu, 45 gradutik gorako tenperaturak ekarriko dituen bero-boladaren aurrean.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;