Mundua -

Espainia-Maroko

Marokoko erregeak Espainiarekin "aro berri" bat hasteko asmoa duela adierazi du

Bere esanetan, krisi politikoa, bi herrialdeen arteko "harremanen oinarriak berrikusteko baliatu du" Marokok. Bestalde, Espainiako Exekutiboak, "Maroko Espainiaren eta EBren aliatu estrategikotzat" beti jo duela ziurtatu du Sanchezek.

Mohamed VI.a Marokoko erregea eta Pedro Sanchez, bilera batean. Artxiboko argazkia: EFE
Mohamed VI.a Marokoko erregea eta Pedro Sanchez, bilera batean. Artxiboko argazkia: EFE
Mohamed VI.a Marokoko erregea eta Pedro Sanchez, bilera batean. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiarekin dituen harremanetan aurrekaririk gabeko "aro berri bati hasiera" emateko asmoa duela adierazi du Mohamed VI.a Marokoko erregeak larunbat honetan. Hala, bi herrialdeen arteko etapa berriak "konfiantza, gardentasuna, elkarrekiko errespetua eta konpromisoa" oinarri izatea eskatu du.

Testuinguru horretan, Espainiako Gobernuarekin "lanean" jarraitzea espero duela esan du Marokoko erregeak, bi herrialdeen arteko harremanetan inoizko krisi politikorik handiena atzean utzi ondoren.

Mohamed VI.aren iritziz, "krisi politiko" honek "elkarrenganako konfiantza astindu du" eta bi herrialdeen arteko harremanaren "patuari buruzko hainbat galdera egin ditu". Ildo horretatik, Marokok Espainiarekin "erabateko lasaitasun, gardentasun eta erantzukizun giroan" lan egin duela nabarmendu du.

Agintariak ziurtatu duenez, "pertsonalki eta modu zuzenean" jarraitu du Espainiarekin "elkarrizketa eta eztabaiden garapena", eta helburua "ez zen soilik krisi politikoa gainditzea" izan, baizik eta Madrilen eta Rabaten arteko "harremanen oinarriak berrikusteko baliatzea".

Sanchezek Marokoko erregearen hitzak eskertu ditu

Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, Marokoko erregearen adierazpenak eskertu ditu, eta, Espainiako Exekutiboak, "Maroko Espainiaren eta Europar Batasunaren aliatu estrategikotzat" beti jo duela ziurtatu du.

"Aliatuak, bizilagunak eta hurbilekoak gara, eta, beraz, ongi etorria ematen diegu adierazpen horiei; konfiantzaren, errespetuaren eta egungo zein etorkizuneko lankidetzaren gainean orain artekoak baino oinarri sendoagoak dituen harreman bat eraiki dezakegulako", esan du Espainiako Gobernuko presidenteak.

"Krisi guztietatik aukera berriak ere sortzen dira, eta egoera honek, harreman horiek aztertzeko aukera paregabea eskaintzen duela uste dut", azpimarratu du Sanchezek.

Hain zuzen ere, Brahim Gali Fronte Polisarioko buruzagia Logroñon ospitaleratu zutenean, krisi politikoa abiatu zen Marokoren eta Espainiaren artean. Orduan, Rabatek, 10.000 migratzaile baino gehiago Ceutan sartzea ahalbidetu zuen, eta portaera horrek bi herrialdeen arteko tentsio-gorakada ekarri zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Maroko