Itxi

2021/08/28

18:48

Mundua

AFGANISTAN

ISISeko bi buruzagi hil dituzte estatubatuarrek drone bidez, Kabulgo aireportuko atentatuari erantzunez

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Halaber, Kabulgo aireportua babesteko lanean ari diren 5.000 militar estatubatuarrak herrialdetik erretiratzen hasi dira dagoeneko, Estatu Islamikoak bere gain hartutako eraso terroristaren ondoren.

  • Kabulgo aireportua babesteko lanean ari diren militar estatubatuarrak. Argazkia: EFE

    Kabulgo aireportua babesteko lanean ari diren militar estatubatuarrak. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Ameriketako Estatu Batuak (AEB) larunbat honetan baieztatu duenez, Estatu Islamikoaren filial afganiarraren bi buruzagi hil dira eta hirugarren bat zauritu da Kabulgo aireportuko atentatuari erantzunez egindako erasoan. Izan ere, Estatu Islamikoak bere gain hartu duen eraso terroristan 170 pertsona hil ziren, horien artean 13 militar estatubatuar.

Hildako bi terroristak, Estatu Islamikoaren "planifikatzaile eta bideratzaile" gisa identifikatu dituzte, eta tripulaziorik gabeko drone batek jaurtitako misil batekin hil dira, William 'Hank' Taylor Pentagonoko bozeramaile militarraren arabera. Dena dela, ez du haien izenak eman.

"Orain arte jasotako informazioen arabera, helburu ziren Estatu Islamikoaren bi buruzagi hil direla eta beste bat zauritu dela baieztatu dezaket, baina ez dut biktima zibilen berririk", adierazi du prentsaurrekoan. Erasoa Afganistango Nangarhar probintzian egin zuten, drone batek jaurtitako misil batekin.

Agerraldi horretan bertan, John Kirby Pentagonoko Prentsa idazkariak, baieztatu du Kabulgo Hamid Karzai Nazioarteko Aireportua babesteko lanean ari diren 5.000 militar estatubatuarrak herrialdetik erretiratzen hasi direla dagoeneko, baina zehaztu du AEBk "aireportuaren kontrola" duela oraindik, baita segurtasuna ere, erabat erretiratzeko 72 ordu baino gutxiago falta direnean.

"Azken unera arte jarraituko dugu aireportuan lanean, aurreikusitako ebakuazio guztiak egin ahal izango ditugula ziurtatzeko", gaineratu du Taylor jeneralak. Halaber,  bertaratzeko gutxienez igaro behar diren hiru puntu talibanen kontrolari buruz Afganistango hedabideek emandako informazioa gezurtatu du.

Testuinguru horretan, ebakuazio-lanen hasieratik, AEBk 117.000 pertsona atera ditu herrialdetik, horietatik 6.800 azken 24 orduetan egindako 66 hegalditan. Gaur beste 1.400 pertsona aterako dira, Taylorrek adierazi duenez.

Bestalde, New York Times egunkariak jakitera eman duenez, Kabulen inmolatu zen ISISeko suizidak 11 kilo lehergai zeramatzan txalekoan, eta militar estatubatuarrek miatu arte itxaron zuen leherrarazteko. Gogoan izan behar da 13 soldadu estatubatuar hil zirela atentatuan.

Afganistandik atera nahi duten herritarrei dagokinez, hasiera batean abuztuaren 31ra artekoa bazen ere ebakuazio epea, hainbat herrialdek amaitutzat eman dituzte jada operazioak.

Azken orduetan, talibanak Kabulgo aireportura sartu eta tropa estatubatuarren ateratze segurua bermatzeaz arduratuko dira, Mikel Ayestaranek Twitter bidez berretsi duenez.

Jarrai ezazu Afganistanen gertatzen ari den guztia Mikel Ayestaran EITBrako egiten ari den kroniken bidez.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;